Galdakao
Bizkaiko erdialdeko udalerria, Bilbo hiriaren ekialdean, Gangurengo mendizerraren oinean (Hego Uribe). Mugak: iparraldean Zamudio, Lezama eta Larrabetzu, ekialdean Zornotza, Lemoa eta Bedia, mendebalean Etxebarri eta Basauri eta hegoaldean Zaratamo eta Zeberio. Garaiera 60 m. 32,20 km2. 1997ko datuen arabera, 29.534 biztanle ditu (galdakarrak). Auzo nagusiak: Agirre-Aperribai, Bekea, Krutzeako elizatea (herriburua), Elexalde, Gumuzio eta Usansolo. Ibaizabal ibaia igarotzen da Galdakaotik. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 6.615 euskaldun, 5.039 ia euskaldun eta 14.318 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (metalurgia, industria kimikoa, zurgintza, papergintza, ehungintza; langileen % 74) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 25) dira. Aipagarri dira Isasi Goikoa dorrea, Lekue dorrea, Puente dorrea, Galdakaoko zubia, Urgoiti jauregia eta XII. mendeko Santa Maria eliza. v Historia. XIV. mendeko dokumentu baten arabera, Galdakaoko biztanleek Galdakao Bilborekin bat egitearen aldeko eskaera luzatu zioten Bizkaiko Jaunari. 1375. urtean lotu zitzaion Bilbori eta bertako auzoa izan zen 1630. urtean bereizi eta berezko udalerria osatu zuen arte.