galdara
iz. Pertza. v Teknol. Ontzi itxia, beroaren bidez eta tenperatura eta presio jakin baten eraginez, isurkariak lurrun bihurtzeko erabiltzen dena. v Lurrun galdara. Isurkariak (ura bereziki) lurrun bihurtzeko galdara. Hiru atal nagusi ditu: labea, ura lurruntzeko behar den beroa sortzeko erregaiak erretzen diren tokia (elektrizitatearen bidez ere lor daiteke bero hori); ura dagoen ontzira beroa eramateko hodiak; eta galdara bera, ura lurruntzen eta lurruna gordetzen den ontzia. XVII. mendean hasi ziren industriarako galdarak egiten; antzina kobrez edo burdinaz egiten ziren, baina gaur egun altzairuz egiten dira, presio eta tenperatura handiagoak jasan baititzake altzairuzko galdarak. Bi lurrun galdara nagusi bereizten dira: ke hodizko galdara eta ur hodizkoa. Ke hodizko galdarek urez inguratutako hodiak dituzte labeko beroa uraren ontzira eramateko. Labetik ateratzen den kea hodietatik igarotzen da eta inguruko ura berotzen du. Ur hodizkoetan, berriz, ura hodietatik igarotzen da, eta keak, hodien inguruan dagoela, ura berotzen du. Gaur egun ur hodizkoak erabiliagoak dira (zentral elektrikoetan, etab.).