Galdames
Bizkaiko mendebaleko udalerria (Enkarterri). Mugak: iparraldean Abanto eta Muskiz, ekialdean Santurtzi eta Barakaldo, mendebalean Sopuerta eta hegoaldean Gueñes. Garaiera 167 m. 44,43 km2. 1997ko datuen arabera, 784 biztanle ditu (galdamestarrak). Auzo nagusiak: La Aceña, Txabarri, Garai, La Elvina, Humaran, Larrea, Laia, Ledo, Montellano, Galdames-San Esteban eta Galdames-San Pedro (herriburua). Galdames erreka igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. Hizkuntza banaketa, 1996an: 80 euskaldun, 134 ia euskaldun eta 583 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak mea ustiapenak (langileen % 42) eta nekazaritza (artoa, patata, behi hazkuntza; langileen % 30) dira. Aipagarri dira San Pedro Apostoluaren parrokia (XVI. mendean berritua), Etxabarriko Andre Mariaren ermita, Loizaga dorrea eta Peñonari dorrea. v Historia. 1214. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Galdamesko herria. Galdamesko Kontseiluak Bizkaiko Jaurerriko kide izateko eskubidea aldarrikatu eta horixe lortu zuen 1672. urtean. 1740. urtean, aldiz, bereizi egin zen Jaurerritik, baina 1800. urtean berriro ere lotu zitzaion hari. Erdi Aroan jaun eta leinu garrantzitsuen egoitza izan zen Galdames; bertako Loizagatarren, Atxurriagatarren eta Larreatarren dorreak dira horren lekuko. Lehen Karlistadaren garaian, Esparteroren osteek erre egin zituzten San Pedroko auzo inguruko basoak (1863). Galdamesko herriak oparotasun handia izan zuen XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasiera arte, lurpeko aberastasunak zirela eta.