Frühbeck, Rafael
Espainiar orkestra zuzendaria, alemaniarra jatorriz (1933). Madrilgo eta Bilboko kontserbatorioetan egin zituen ikasketak, biolinekoak, besteak beste. Zarzuela konpainien zuzendari gisa jardun zuen eta, ondoren, Berlina aldatu zen, orkestren zuzendaritzako ikasketak egitera, Lessing eta Eichhorn irakasleekin. Espainiara itzuli ondoren itsas gudarosteko banden zuzendari izan zen Santanderren 1953. urtetik aurrera. 1958an Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari egin zuten, eta 1962-1978 urteen bitartean Espainiako Sinfonikoan bete zuen kargu hori bera. Lan horretan ari zen bitartean Dusseldorfeko Zuzendaritza Musikal Orokorraren ardura ere izan zuen (1966-1971), eta harrezkero karrera bikaina osatu du nazioartean. Zuzendari nagusi gonbidatua izan da New Philharmonic Orchestran, Montréalgo Orkestra Sinfonikoan, Yomiuri Nippon Symphony Orchestran eta Washingtongo Sinfonikoan. 1989. urtean Vienako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular izendatu zuten. Hainbat disko grabatu ditu.