Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fructidor

Hamabigarren hilabetea, Frantziako Iraultzaren ondoren, errepublikazaleek jarritako egutegian.  v  Fructidor-ko 18ko estatu kolpea. 1797ko irailaren 4ean Direktorioko bazkide errepublikarrek (Barras, La Révillière-Lépreaux, Rewbell) gudarostearen laguntzaz (Hoche, Augereau) moderatuen eta Clichyko klubeko erregearen aldekoen kontra jo zuten estatu kolpea. Urte hartako germinal delako hilabetean egin ziren hauteskundeak irabazi eta gero, erregezaleek Letourneur Direktoriotik kendu eta Barthélemy erregezalea jarri zuten haren ordez. Etorkinen eta errepublikaren kontrako neurri batzuk hartu zituzten. Estatu kolpearen ondorioz, Barthélemy atxilotua eta atzerriratua izan zen, Carnotek ihes egitea lortu zuen eta hauteskundearen emaitzak bertan behera gelditu ziren departamendu askotan, etorkinen aldeko legeak bezala (160 etorkin hil zituzten). Estatu kolpe horrekin gudarostea indartu zen, aginpide betearazlea legegilearen gainetik jarrita, Napoleonen despotismoa ekarri zuen bidea zabalduz.