fruitu
iz. Landareen emaitza, lorearen ondoriozkoa, haziak dauzkana; bereziki, mamitsua edo jateko ona dena, igalia. ◊ Emakume batek bere sabelean daraman umea. || Irud. Zerbaiten emaitza edo ondorio onuratsua. ◊ Emaitza, ondorioa. v Obulutegiaren paretak garatu eta hazi-hasikinak ernaldu eta hazi bihurtzen direnean sortzen da fruitua. Lorearen hostoak, estiloa eta estigma lehortu egiten dira gehienetan. Fruituen oinarrizko sailkapenean, lorearen obulutegi bakarretik sortzen direnak fruitu bakunak dira; obulutegiaz gainera,lorearen beste parte batzuei esker sortzen direnak konposatuak dira; fruituak izan daitezke ale bakarrekoak (sagarra adibidez), edo askotarikoak, sortetan bilduak (laranja). Perikarpioaren ezaugarrien arabera mamitsuak edo lehorrak izan daitezke. Mamitsuetan hiru atal bereizten dira: azala edo epikarpioa (kanpoaldeko atala), mamia edo mesokarpioa (tartekoa) eta bihotza edo endokarpioa. Azken hau, aranarena eta muxikarena esaterako, hezur gogor bat izaten da. Fruitu lehorrak, berriz, zabalkorrak edo zabalgaitzak izaten dira. Ilarra, esaterako, zabalkorra da eta hazia ateratzen uzten du. Urra, intxaurra edo arroza, berriz, zabalgaitzak dira. v Hauek dira beren balio ekonomikoagatik gehien estimatzen diren fruituak: fruitu garratzak (laranja eta limoia batez ere), sagarra, platanoa, mahatsa eta zenbait fruitu lehor eta lehortu (almendra, urra, kakahuetea eta datila).