Frossard, André
Frantses kazetari eta idazlea (Belfort, 1915 - 1995). Aita judua zuen, eta ama protestantea. Hogei urte zituela, katolizismora bihurtu zen. Prentsa politikoan lan egin zuen, hainbat marrazki eginez eta idazlanak argitaratuz. 1946tik aurrera L’Aurore eta Le Figaro egunkarietan idatzi zuen. Idatzitako liburuetan sinesmen katolikoa nabarmentzen zaio. 1969an Dieu existe, je L’ai rencontré (Jainkoa existitzen da, nik aurkitu dut) idatzi zuen, eta sekulako arrakasta izan zuen, baita nazioartean ere. Joan Paulo II.a Aita Santuak ere irakurri zuen liburua. André Frossard eta Aita Santua adiskide izan ziren, eta hainbat liburu idatzi ditu hari buruz: N’ayez pas peur! Dialogue avec Jean-Paul II (1982, Ez izan beldur! Elkarrizketa Joan Paulo II.arekin), Portrait de Jean-Paul II (1988, Joan Paulo II.aren erretratua), Défense du pape (1993, Aita Santuaren defentsan). Klaus Barbieren kontrako epaiketan lekuko gisa parte hartu ondoren, Le Crime contre l’humanité (1987, Gizateriaren aurkako krimena) liburua idatzi zuen. 1988an Frantziako Akademiako kide egin zuten. Lanen artean ditu: La Maison des otages (1944, Bahituen etxea), Il y a un autre monde (1976, Bada beste mundu bat), Les Trente-Six Preuves de l’existence du diable (1978, Deabrua badelako hogeita hamasei froga), Excusez-moi d’être français (1992, Barkatu frantsesa izateagatik).