Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Friburgo

(Al. Freiburg im Üchtland) Suitzako mendebaleko hiria, Friburgoko kantoiko hiriburua. Sarine ibaiaren ondoan dago. 39.695 biztanle (aleman hiztunak horietako 10.000). Unibertsitate katolikoa (1889an sortua). San Nikolasko katedrala (XIII-XV. mendeen artean eraikia), Cordelier-ren eliza (XIII. mendea), Saint Michel eliza (XVI. mendea), udaletxea (XVI. mendea). Janari industria (txokolatea, garagardoa), fotokimika, metalurgia, industria elektrikoa.  v  Historia. 1157an sortu zuten Zähringen-darrek. Bertan izenpetu zen Frantziaren eta Suitzaren arteko Betirako bakea (1516). XVI. mendean, katolikoen erreformaren gune nagusia izan zen Friburgo.  v  Friburgoko kantoia. Vaud-eko kantoiaren mendebaleko eta Bernako kantoiaren ekialdeko lurraldea, eta Suitzako hizkuntza muga egiten duena. 1670 km2 eta 190.400 biztanle (1985). Biztanleen bi herenak frantsesak dira hizkuntzaz (mendebala eta hegoaldea) eta heren bat alemaniarrak (ekialdea eta iparraldea). Hiri nagusiak: Bulle, Gruyères, Morat. Broye eta Sarine ibaiak igarotzen dira kantoiako iparraldetik, eta Neuchatelgo aintzira du mendebalean. Suitzako nekazaritza eskualde nagusietako bat da (laboreak, tabakoa, fruituak, Vully mendiko ardo zuriak). Hegoaldea da kantoiko alderdirik menditsuena (Moleson, 2.003 m; Vanil Noir, 2.389 m) eta Gruyère-ko gazta ezaguna bertan egiten da.