Frantzia
(Izen ofiziala, Frantziako Errepublika; Fr., République Française). Europako mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Mantxako itsasartea; ipar-ekialdean, Belgika, Luxenburgo eta Alemania; ekialdean, Alemania, Suitza eta Italia; hego-ekialdean, Mediterraneo itsasoa; hegoaldean, Espainia; hego-mendebaldean, Bizkaiko golkoa; eta mendebaldean, Ozeano Atlantikoa. Korsikako uhartea, Mediterraneo itsasoan, Frantziakoa da. Uharte horretaz gainera, beste uharte eta lurralde batzuk ditu itsasoz haraindi: Guyana Frantsesa, Martinika eta Guadalupe, San Pedro eta Miquelon, Mayotte, Kaledonia Berria, Polinesia Frantsesa, zenbait lur hego eta iparburuetan, eta Wallis eta Futuna. Guztira 547.026 km2 eta 64.473.140 (2008, frantsesak). Hiriburua: Paris (2.153.600 biztanle, 10.210.000 aldiriak barne, paristarrak). Hizkuntza ofiziala: frantsesa. Dirua: euroa. Erlijio zabalduena katolizismoa da (% 75); islamak, protestantismoak eta judaismoak ere badute garrantzirik. ■ Lurraldea. Frantziak hexagono baten itxura du, eta 965 bat kilometro luze eta 935 bat kilometro zabal da. Iparraldeko erdia, Alsaziatik (ekialdean) Bretainiara (mendebaldean), Europako erdialdeko lurralde menditsuaren luzapena da, mendiez (Vosges), goi-ordoki apalez eta muinoez osatua. Erdialdean Massif Central menditsua dago; hego-ekialdean Alpeak; hegoaldean mendiak (Pirinioak) eta ordokiak. v Orografia. Massif Central delakoak egituratzen du oro har Frantziako orografia. 90.000 km2 dituen goi-ordoki handia da; ez da 2.000 m baino garaiagoa, eta Frantziako hego-erdialdean dago; horren inguruan lur behereak eta sakonuneak daude. Lur behereak itsas mailatik 300 m behera daude, eta Frantziako bi heren hartzen dituzte. Lur beheretako % 90a ibaien arroetan dago: Seine ibaiaren arroa (edo Pariskoa) Massif Central-en ipar eta ipar-ekialdean dago, 80.000 km2 ditu eta Ingalaterrako itsasertzera du isuria. Loiraren arroak, hura ere ipar-ekialdean, 100.000 km2 ditu eta Massif Armoricain delakoa gurutzatuz Atlantiko ozeanora jotzen du. Akitaniako arroan Dordoina eta Garona ibaiak daude, Frantziako hego-mendebala bustitzen dutenak. Rhône ibaiaren arroa besteak baino estuagoa da; iparretik hegorantzko bidea egiten du, Mediterraneo itsasora. Frantziako ekialdeko mugan daude lurralde gorenak, hegoaldetik iparraldera: Alpeak, garaienak (Mont Blanc, Frantziako eta Europako gailur gorena, 4.807 m); Jura mendiak, 1.800 m-tik beherakoak; Vosges mendiak, zaharrenak eta apalenak, Alemaniako mugatik hurbil, eta Ardenneskoak, Belgika aldean. Hegoaldean Pirinio mendiak daude, 450 km-ko hedadura dutenak; Frantziaren eta Espainiaren arteko muga eratzen dute, eta Alpeak bezain pikatuak dira. v Klima eta landaretza. Frantziako klimak alde handiak ditu. Ozeanoko klima dute Bretainiak eta Normandiak; klima hori Frantziako sartalde guztira hedatzen da. Han neguak xamurrak eta udak freskoak dira. Euria, mendebaleko haizeek ekarria, ugaria da urte osoan. Normandiako eguraldia oso egokia da belardietarako; Akitaniak uda beroagoa du, eta hori dela eta, basoak ugariagoak dira. Frantziako ekialde osoan klima kontinentekoa da. Neguak hotzak eta elurtsuak dira, eta udak, berriz, beroak. Sarritan ekaitzak izaten dira. Ekialdeko zabaldietan baso asko dira: haritza, pagoa eta urkia dira nagusi, eta pinua mendietako maldetan hazten da. Mahastiak eta fruitu arbolak eguteran daude. Klima mediterranearra Languedoc, Proventza, Rhône eta Korsikara hedatzen da. Uda lehorra eta beroa eta negu xamurra dute. Euriak ugariak dira, batez ere udazkenean eta udaberrian. Iparretik jotzen du haizeak, Sète eta Toulon artean (mistrala) eta Sètetik mendebalera (tramontana). Landaretza lehorrekoa da (artea eta pinua). Alpeetan eta Pirinioetan mendiko klima da: euria ugaria da, eta neguak gogorrak eta elurtsuak. ■ Biztanleak. Frantziako biztanle gehienak Europako oinarrizko hiru taldeen nahasketaren ondorengoak dira: alegia, ipartarren, alpetarren eta mediterranearren nashasketaren ondorengoak. Biztanleen % 7 inguru da jatorriz atzerritarra: Ipar Afrikakoa (Aljeria, Maroko eta Tunisia), Saharatik behera izandako kolonietakoa eta Europakoa (Espainia, Italia eta Portugal). Frantzia gehien hazten ari den herrialdeetako bat da Europan, Irlandaren ondoren: % 0,5 urtean. Demografiaren beste eragile nagusia immigrazioa da. Lehenengo etorkinak XIX. mendean iritsi ziren: italiarrak, belgikarrak eta espainiarrak. 1960 ondorengo urteetan afrikarrak hasi ziren iristen, Frantziaren kolonia izandako herrialdeetatik, eta portugaldarrak. Hurrengo hamarraldian, krisi ekonomikoak Frantzia jo zuen urteetan, etorkinen etorria gutxituz joan zen, baina erabat eten gabe hala ere. Erlijioari dagokionez, lau biztanletik hiru katolikoak dira. Bigarren erlijio nagusia, arabiar munduko etorkinena, islama da (% 5), eta ondoren protestantismoa (% 2) eta judaismoa (% 1). Hizkuntza ofiziala eta nagusia frantsesa da. Etorkinek zeinek berea hitz egiten dute: portugesa, arabiera, gaztelania eta abar. Bretainian bretoia egin da; Alsazia eta Lorrenan alemana; ipar-ekialdean, flandesera; hego-ekialdean, katalana; hego-mendebaldean, euskara; Proventzan, proventzera; Korsikan, korsikera. ■ Biztanleen banaketa ez da berdina lurralde osoan. Alderdi batzuetan, nekazari aldeetan batez ere, biztanle dentsitatea Frantziako batez bestekoa baino lau aldiz apalagoa da eta beste batzuetan, berriz, askoz handiagoa, hala nola, iparraldean, Paris aldean, Alsazia eta Lorrenan, Lyon eta Saint-Étienne lotzen dituen ardatzean, eta Mediterraneoko kostan. Lau biztanletik hiru hirietan bizi dira: Marseilla (878.689 biztanle, 1.230.936 aldiriak barne), garrantzi handiko portua; Lyon (418.476 biztanle, 1.262.223 aldiriak barne), ehungintzan espezializatutako industriagunea; Tolosa (365.933 biztanle, 608.430 aldiriak barne), industria- eta merkataritzagunea; Niza (342.439 biztanle, 475.507 aldiriak barne), turismogunea; Estrasburgo (255.937 biztanle, 388.483 aldiriak barne), Rhin ibaiaren ertzean, portua eta industria- eta merkataritzagunea; Nantes (244.995 biztanle, 492.255 aldiriak barne), garrantzi handiko industriagunea (azukre findegiak, ontziolak eta bestelako lantegiak); Bordele (213.274 biztanle, 685.456 aldiriak barne), itsas portua, industriagunea eta ardogintzarena; eta Montpellier (207.996 biztanle, 236.788 aldiriak barne), industria- eta merkataritzagunea. 1990ean beste 25 hiri zeuden 100.000 biztanle baino gehiagorekin. Hamar mila biztanle inguruko eta gutxiagoko herriak hazten ari dira azkenaldi honetan, hirian lan egiten duten profesionalek gero eta gehiago jotzen dutelako herrietako bake girora hiriko itomenetik ihes. Frantziako landa ingurunean bi habitat mota daude: bat sakabanatua, klima ozeanikoko eskualdeetan, eta beste bat bildua, Mediterraneo aldeko eskualdeetan. Frantziako hiri nagusia, beraz, hiriburua da, Paris: 10 milioi biztanle baino gehiago ditu hiriguneak, aldiriak eta hiriaren eragin eremua hartuta. Izen bereko departamenduko hiruburua da, eta Ile-de-France eskualdeko erdigunea. Ekonomian eta politikan duen garrantzia kulturan eta historian duenaren parekoa da, eta, beraz, munduko hiriburu nagusietako bat da, eta Europako hiri nagusia, Londres, Erroma eta Berlinekin batera. ■ Administrazioa. Administrazioari dagokionez, Frantzia 22 eskualdetan banatuta dago eta eskualdeak 96 departamendutan. Departamendu gehienak Frantziako Iraultzaren ondoren finkatu ziren (1870), lurralde orekaren izenean eta erdigunearekiko hartu-emanak errazteko asmoz. Departamendu burua prefeta da. Eskualdeak 1964an sortu ziren, eta hauek dira: Nord; Pikardia; Normandia Garaia; Normandia Beherea; Ile-de-France; Champagne-Ardenne; Lorrena; Alsazia; Bretainia; Pays de Loire; Centre; Borgoina; Franche-Comté; Poitou-Charentes; Limousin; Auvernia; Rhône-Alpes; Akitania; Midi-Pyrénées; Languedoc-Roussillon; Provence-Alpes-Côte d’Azur eta Korsika. Ipar Euskal herriko hiru probintziak Pirinio Atlantikoak departamenduaren barruan daude, Biarnorekin batera. Pirinio Atlantikoak, berriz, Akitaniako eskualdearen barruan daude, Dordoina, Gironda, Landes eta Lot eta Garonarekin batera. Azkeneko urteotan gero eta gehiago dira euskal probintzientzat departamendu bat eskatzen ari direnak. ■ Ekonomia. Alemania eta Ingalaterrarekin batera Europako herrialde ahaltsuena da Frantzia, eta munduko ahaltsuenetako bat. G-7 taldeko kideetakoa da, hori da, munduko zazpi herrialde industrializatuenetako bat. Lehen sektore oso emankorra, askotariko industria eta hirugarren sektore gero eta indartsuagoa (Barne Produktu Gordinaren % 70 1994an) dira Frantziako ekonomiaren oinarri nagusiak. ■ Lehen sektoreak biztanle aktiboen % 6 besterik ez du enplegatzen, baina pisu handia du nazioaren ekonomian. Nekazaritzari dagokionez, laborea lantzen da gehienbat: garagarra, artoa eta batez ere garia. Garia iparraldean lantzen da nagusiki (Bretainian eta Alsazian) eta artoa, berriz, Akitanian batez ere, baina Loira eta Rodanora ere zabaltzen ari da. Arroza Rodanoren deltan lantzen da eta azukre erremolatxa, garia bezala, iparraldean. Hiri handien inguruetan fruitu arbolak jartzeko ohitura zabaltzen ari da. Ardogintzak garrantzi eta ospe handia du Frantzian. Mundu osoan ezagunak dira Bordele, Alsazia eta Champagneko ardoak (xanpaina). Abeltzaintzak nekazaritzak baino are garrantzi handiagoa du eta Europako inportanteena da, batez ere behi hazkuntza. Frantzia da Europako esneki ekoizle nagusia. Zerri eta ardi hazkuntzak ere garrantzi handia dute. ■ Arrantzak bigarren mailako garrantzia du nazioaren ekonomian, baina garrantzitsua da iparraldeko eta ekialdeko kostaldean. Aipagarriak dira Dunkerque eta Boulogne portuak iparraldean, eta Douarnenez, Concarneau eta Lorient (Bretainia). Frantziako zur produkzioa, berriz, Europako Batasuneko handiena da, dituen 14 milioi hektarea baso baino gehiagori esker. Vosges, Jura eta Alpe mendietako basoetatik ateratzen da gehiena, baina zuhaitzez landatutako sail handiak daude, halaber, hegoaldean eta mendebaldean. ■ Lurpeko baliabideetan burdina da ugariena. Mea handienak Lorrenan daude eta aipagarriak dira Bretainia eta Normandia Beherekoak ere. Burdinaren ondoren harrikatza da mea nagusia; Lorrenan, Nord-Pas-de-Calais eta Massif Centralen aurkitzen dira meategi inportanteenak. Nolanahi ere, bai burdina bai harrikatzaren produkzioa gainbehera doa. Aitzitik, aluminioaren produkzioa handitzen ari da, Languedoc-eko bauxita hobi aberatsek hornituta. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzioa oso txikia da, eta kanpotik ekartzen de ia dena. ■ Industriak biztanle aktiboen % 28 enplegatzen du eta barne produktu gordinaren ehuneko bera hartzen. Siderurgia indartsu bati esker munduko altzairu ekoizle handienetako bat da Frantzia, baina jardueraren pisua ekonomian gutxituz joan da azkeneko urteotan, sektorea birmoldatzen ari baita eta enpresa asko ixten. Siderurgia enpresa inportanteenak burdin eta harrikatz meategien inguruetan daude: Lorrena, Nord, Massif Central eta Normandian. Sektore kimikoa oso egoera onean dago, gero eta handiagoa baita ongarri, plastiko eta garbikarien produkzioa. Fabrika nagusiak hiri handien industrialdeetan daude. Frantzia, bestalde, Europako herrialde aurreratuenetako bat da hegazki eta kohete industrian. Guyana Frantsesean du Arianne koheteen probalekua. Paris eta hiri nagusien inguruan (Lyon, Marseilla, Estrasburgo, Bordele, Grenoble) industria elektromekanikoak eta elektrikoak daude. Autogintza da garrantzi handiko beste alor bat: Renault eta Peugeot-Citröen enpresa buruak Frantzian daude. Auto produkzioan Alemania baino ez du aurretik. Proventzan eta Bretainian ontziolak daude. Bestalde, ez da ahaztu behar Paris dela munduko hiri nagusia modari dagokionez, eta, beraz, ehungintza-oihalgintza ere garrantzi handikoa da. Industria tradizionalen artean aipagarriak dira zeramika (Limoges) eta beiragintza (Cognac, Nancy edo Lyon), besteak beste. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio handiak, noski, janariak eraldatzeko industria handia du atzean. ■ Frantziak kontsumitzen duen energiaren % 70 inguru zentral nuklearretan lortzen du, inportazioen mendean ez egoteagatik, ez baitu ez petrolioarik ez gas naturalik. Gainerakoa zentral termikoetan eta hidroelektrikoetan lortzen da. XX. mendearen bukaeran 56 erreaktore zeuden martxan, horietako asko 20 urte baino gehiagokoak. Frantzia da Estatu Batuen ondoren munduko bigarren energia nuklear ekoizle nasgusia. ■ Hirugarren sektoreak gora egin du azkeneko urteotan. Gaur egun barne produktu gordinaren % 70 ematen du, eta biztanle aktiboen % 66 enplegatzen. Merkataritza harremanek, bestalde, pisu handia dute ekonomian; munduko bosgarren herrialde nagusia da Frantzia merkataritza harremanetan. Energia produktuetan eta industriarako lehengaietan dituen gastu ikaragarriak ez dira kapital ondasunen, elikagaien, kimika gaien, garraiorako material eta kontsumo ondasunen salmentarekin orekatzen. Frantziaren bezero nagusia Alemania da, eta haren ondoren munduko bi herrialde ahaltsuenak (Estatu Batuak eta Japonia) eta Europar Batasuneko herrialdeak. Merkataritza balantzaren defizita beste sektore batzuen irabaziekin orekatzen da, urterik urte haziz joan diren turismoaren irabaziekin, adibidez. Barne merkataritzan aipagarria da enpresak kontzentratzeko joera (saltegi handiak), gero eta handiagoa, hiri inguruetan. v Historia. Arkeologia ikerketetan duela 100.000 urte baino gehiagoko gauzakiak aurkitu dira. Paleolito garaitik honuntzako aztarrenak daude, gizona orduz geroztik bizi izan dela gaurko Frantziako lurraldeetan frogatzen dutenak. K.a. 1500 urte inguruan galiarrek hego-ekialdera egin zuten, Rhin ibaiaren bailaratik gaurko Frantzia eta Italia aldera. K.a. 625ean Joniako grekoek merkatari kolonia bat ezarri zuten Massilian (gaurko Marseillan), Frantziako hegoaldean ehunka urteetan izan ziren kolonietan aberatsena izan zena. Erromatarrak K.a. 13an hasi zuten Galiako konkista, Julio Zesarrek K.a. 54ean bukatu zuena. Galia osorik erromatartu zen 500 urtez iraun zuen Erromaren agintaldian. Erromaren beherakadak zabalik utzi zuen Galia germaniarrek har zezaten. K.o. V. mendean saliar frankoek Loira ibaiaren iparraldea hartu zuten, bisigodoek Akitania eta Proventza beretu zuten, eta burgundiarrek Rhôneren bailara. Saliar frankoek, merobingiarren gidaritzapean, nagusitu ziren ia Galia osoan VI. mendean. VIII. mendean aginpidea karolingiarren eskuetan zegoen; haietan handiena Karlomagno izan zen. IX. mendearen hasierarako Karlomagnoren inperioak Sartaldeko Europako parterik gehiena bere mende zuen, baina haren heriotzak zatiketa ekarri zuen. Karlomagnoren inperioko mendebaldeko lurraldeek Francia Occidentalis izena hartu zuten. Azken errege karolingioa hil zenean 987an, Hugues Capet hautatu zuten Francia Occidentalisko errege. Capeten dinastiak, hasieran ahula izan bazen ere, 1328. urtea arte iraun zuen; ordurako erregearen aginpidean zeuden Frantzia modernoko lurralde gehienak, Flandes, Bretainia, Burgundia eta Akitania izan ezik. Urte hartan Filipe VI.a Valoiskoak hartu zuen erregetza, eta haren ondorioz piztu zen Ehun Urteko Gerra delakoa (1337-1453), Ingalaterraren kontra. Gerra bukatzean Valoistarrak indartuta irten ziren Frantziako erregetzan, eta ingelesek Franziako jabetza guztiak galdu zituzten, Calais izan ezik. Orduan erori ziren Lapurdi eta Zuberoa Frantziaren koroaren mende. XV. mendearen bukaeran Burgundia eta Bretainia Valoistarren eskuetan zeuden; era horretan, estatua gaur egun dituen mugetara hurbildu zen. v XVI. mendean protestantismoa hedatu zen Frantzian, eta, horren ondorioz, gerra zibilak eta erlijiozkoak izan ziren. Protestanteen (higanoten) eta katolikoen arteko gatazkaren ondorioz, 3.000 higanot hil ziren San Bartolomeren gaua delakoan (1572). Haren ondoren izan ziren egun nahasietan, Borboi etxeko protestante zen Nafarroako Henrike III.ak hartu zuen erregetza, baina azkenean Frantziako errege izatearren, baldintza hori jarri baitzioten, katoliko egin zen. Hark emandako Nantesko ediktuak (1598), nolabaiteko askatasuna eman zien higanotei. XVII. mendean, erregeen aholkularien trebeziari esker (Richelieu, Mazarin) Frantzia Europako nazio nagusi izan zen. Azken errege borboiek, batez ere Luis XIV.ak, Versaillesko jauregi handientsuarekin, eta erregetzaren ikusmolde erabatekoarekin (errege eguzkia), absolutismoa gorenera eraman zuten; baina atzerriko gerra batzuetan izandako galeren ondoren, Frantziak itsasoaz bestaldeko lurraldeak galdu zituen, eta bankarrota jo zuen ia. 1789an izan zen Frantziako Iraultza: errege-ereginak hil zituzten, giza eskubideak aitortu eta Erregimen Zaharra suntsitu zen. Iraultza, ordea, gero eta gogorragoa egin zen, sarraski handiak izan ziren eta azkenean bost diktadoreren eskuetan geratu zen gobernua, eta oso erraz erori zen Napoleonen eskuetan; Napoleon Frantziako agintari izan zen 1799tik 1814a arte, kontsul gisa lehenbizi eta enperadore moduan gero. Napoleonen konkista gerrak 1815ean amaitu ziren haren gainbeherarekin. Erregetza ezarri zen berriz ere,tartean errepublika bat izan bazen ere (1842-52), 1871 arte iraun zuen erregetzak, Frantzia eta Alemania arteko gerran izandako galerak (1870-1871), Hirugarren Errepublikaren sorrera ekarri zuen arte. 1871nn frantsesek Alsazia-Lorrena galdu zituzten (Alemaniaren esku geratu ziren), baina Lehen Mundu Gerraren amaieran itzuli ziren. Alemaniako nazien inbasioan ondoren, Bigarren Mundu Gerran, Vichyn erregimen kolaborazionista bat ezarri zen, Pétain mariskalaren gidaritzapean. Frantzia Askea izeneko erresistentzia higikunde bat antolatu zen Erresuma Batuan Charles de Gaulle jeneralaren gidaritzapean. 1944an askatu zuten Frantzia aliatuek. Demokrazia parlamentarioa ezarri zen berriz Frantzian (Laugarren Errepublika). 50. urte inguruan errepublika hark arazo handiak izan zituen, Indotxinako gerrillen kontrako gerrak eta nazionalismoen areagotzeak, Aljerian eta beste kolonia frantses batzuetan, zirela eta. 1958an de Gaulle aginpidera itzuli zen. Hura Bosgarren Errepublikako lehendakari zela galdu ziren Frantziako itsasoaz bestaldeko kolonia gehienak. 1981ean Frantziak V. Errepublikako lehen lehendakari sozialista hautatu zuen, François Mitterrand. 1988ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Mitterrandek Chirac-i irabazi zion. Lehendakariak legegintzarako hauteskundeak deitu zituen; alderdi sozialistak irabazi zituen eta Michel Rocard izendatu zuten Lehen Ministro. Sozialisten politika ekonomikoa ez zen eskuinarenetik askorik aldendu. Langabeziak gora egiten segitu zuen (% 9,5 1991n). Urte horretan bertan Edith Cressonek hartu zuen Rocarden lekua; gobernua bere gain hartzen zuen lehenengo emakumea izan zen. Ez zuen, baina, asko iraun. Bederatzi hilabete geroago Mitterrandek ekonomia ministro ohia, Pierre Bérégovoy, industria eta finantza agintarien babesa zuena, jarri zuen Cressoen ordez. 1992an, bestalde, poliziak ETAko buruzagiak atxilotu zituen Bidarten. 1993an ezkerrak berriro galdu zituen legegintzarako hauteskundeak eta Mitterrandek Edouard Balladur kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. 1994an, Balladurren hiru ministrok beren karguaren dimisoa eman behar izan zuten ustelkeriaz akusaturik. Urte hartan bertan, maiatzaren 6an, Mantxako itsasarteko urpeko tunela inauguratu zen. 1995eko lehendakaritzarako hauteskundeetan Chiracek irabazi zituen. Hark Alain Juppé kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. Abenduan funtzionario publikoen greba batek (1986az geroztik handiena) hiru egunez geldiarazi zuen herrialdea. Gizarte egoeran tirabira handiak zeuden oraindik, ez bakarrik langabezia gero eta handiagoa zelako, baita errentaren eta jabetzaren banaketan gorabehera handiak zeudelako biztanleen artean (biztanleen % 20 baino gutxiagok irabazien % 44 baino gehiago hartzen zituen, eta ondasun nazionalaren % 69 frantsesen % 20aren eskuetan zegoen). Juppéren gobernuak bere politika zorrotzari eutsi zion eta aurre egin behar izan zien sindikatuen erasoei. 1997an lege berri bat onartu zen etorkinen sarrera eta egonaldiak murrizteko. Otsailean neurri horren aurkako manifestazio handiak egin ziren. Ustekabean, Chirac-ek legegintzarako hauteskundeak aurreratu zituen. Sozialistek irabazi zituzten (241 diputatu), komunisten (38 diputatu), berdeen (7 diputatu) eta ezkerreko beste 33 diputaturen laguntzarekin. Eskuineko koalizioak 256 diputatu lortu zituen eta Fronte Nazionalak bakarra. Lionel Jospinek hartu zuen Lehen Ministro kargua, komunistek bi ministerio, eta ekologistek bakarra, lehendakarigai ohi Dominique Voynetek hartu zuena. 1997an, langabeziari aurre egin nahirik, Jospinek 35 orduko lan astea ezartzea proposatu zuen. Hurrengo hilabeteetan manifestazio eta agerraldi handiak egin ziren neurri hori berehala ezar zedin eskatzeko. Mende berriak aldaketa politiko handiak ekarri zituen Frantziara. 2002ko hauteskundeetan, Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko hautagaia Jospin hautagai sozialistari nagusitu zitzaion lehenengo itzulian. Gertaera horrek aztoramen izugarria sortu zuen Frantziako gizartean, eta eskuin muturraren gaitzespen erabatekoan bat egin zuten eskuinetik ezker muturrerainoko hautesle askok, eta, hala, Chiracek, Le Penen aurkako hautagai bakarrak, botoen % 82rekin irabazi zituen hauteskundeak. Hauteskunde horiek beste ondorio batzuk izan zituzten: alderdi komunistaren gainbehera, ezker muturraren goraldia (% 10), alderdi sozialistaren ahultasuna, eta eskuinaren berrantolamendua alderdi bakarrean (UMP). Hurrengo udal hauteskundeetan, ordea, alderdi sozialista nagusitu zen, eta sistema politikoak bipartidismora bideratu zen —ezkerrean, ezker muturreko hainbat alderdi, alderdi komunista eta alderdi berdeak; eskuinean, berriz, François Bayrou-ren UDF—. 2007ko hauteskundeetan, Nicolas Sarcozy hautatu zuten lehendakari, Segolene Royal hautagai sozialistarekin lehian ibili ondoren. Le Penen alderdiak gainbehera izugarria izan zuen, eta ezkerreko alderdiek ere behera egin zuten, LCRk izan ezik.
http://www.premier-ministre.gouv.fr/