Frantziako Iraultza
1789an hasi eta Napoleonen 1799ko estatu kolpera bitartean Frantziako egitura soziala, politikoa, juridikoa eta erlijiosoa irauli eta Erregimen Zaharra amaitu zuen gertaera multzoa. Nazioarteko egoera nahasi batean gertatu zen, eta, gertaera bakartua izan ez bazen ere, hura izan zen iraultza burgesaren eredua beste herrientzat. Harekin batera, Estatu Batuen burujabetasunak eta Britainia Handian hasi zen iraultza industrialak markatu zuten Aro Modernotik Aro Garaikiderako igarotzea. Iraultza bideratu zuten arrazoien artean, nagusia, Erregimen Zaharrak bizi zuen krisialdia izan zen. Frantziako gizartea hiru mailatan banatua zegoen: lehena apaizena zen, nobleena bigarrena eta beste herritar guztiak hirugarren maila batean (hirugarren estatua) sartzen ziren. Hirugarren estatuko partaideak gero eta kultura maila handiagoa zuten eta Montesquieu eta Rousseau ilustratuen ideiak bereganatu zituzten. Alde batetik, burgesiak gobernuan parte zuzenagoa hartu nahi zuen eta aristokraziak zituen lehentasunak ezabatu. Eta bestetik, herriak zergen kontra eta salneurrien gorakadaren kontra jardun zuen. Monarkiak ezin zion egoerari eutsi; ustelkeria handia zen eta zorrak handiak ziren Estatu Batuetako gerraren ondorioz, . Zenbait ministrok (Necker-ek, Calonnek eta Briennek) zerga sistema aldatu nahi izan zuten maila gorenekoek ere zergak ordain zitzaten; haien proposamenak ez ziren onartu eta Luis XVI.ak Estatu Orokorrak deitu zituen 1989an, maiatzaren 5erako. Hiru mailak batera biltzen ziren Estatu Orokorretan, baina bazen mende oso bat biltzen ez zirela. Nobleen asmoa zen biltzarra mendean hartzea, baina krisialdia handiegia zen eta aldatzeko gogoa larria. Kexuak ugaritu ziren monarkiaren ahalmen erabatekoaren eta aristokraten lehentasunen krontra. Hirugarren estatuak botoak pertsonaz pertsona zenba zitezen eskatu zuen, baina kleroak eta nobleek ez zuten horrelakorik onartu. Herriaren ordezkariak “Salle du Jeu de Pomme” izeneko pilota lekuan bildu ziren ekainean eta uztailaren 9an Batzar konstituziogilea eratu zen. Uztailaren 14ean burgesek eta langileek armak hartu eta Bastilleko presondegia hartu zuten, hura baitzen Erregimen Zaharraren sinbolo nagusia. Armada desegin zuten eta Lafayetteko markesak iraultzaren indar armatu berria, goardia nazionala, antolatu zuen. Hori guztia Parisen gertatu zen, baina herri txikietan ere jauntxoen eta lur-jabeen kontrako matxinadak izan ziren. Batzar konstituziogileak jauntxoen lehentasunak eta hamarrenak kendu zituen, eta Giza Eskubideen Aitorpena argitaratu zuen. Gizonen arteko berdintasuna, legearen babesa, gizonen askatasuna eta herriaren burujabetasuna izan ziren agiriaren zutabe nagusiak. Giza Eskubideen Aitorpenarekin batera sortu zen gerora Frantziako sinbolo bihurtuko zen esaldia: liberté, égalité, fraternité (askatasuna, berdintasuna, anaikortasuna). Ipar Euskal Herriko probintziek orduan galdu zituzten beren foruak; 1790. urtean sortu ziren departamenduetako batean sarturik, batere nortasunik gabe geratu ziren iparraldeko euskal probintziak. Geroztik egoera hori ez da aldatu. Apaizak funtzionario egin zituzten eta eztabaida sortu zen estatuaren funtsaz, alegia errepublikarik behar zen ala monarkiari eutsi behar ote zitzaion. Egoera haren aurrean Luis XVI.ak ihes egin zuen Metz-era joateko asmoz baina Varennes-en atxilo hartu zuten 1791ko ekainaren 20ean. 1791nn, irailean, Batzar Nazionalak Frantziako konstituzio berria argitara eman zuen; bertan, printzipio liberal klasikoak azaltzen ziren. Urrian legebiltzarra hautatu eta bildu zen lehen aldiz. Europako gobernuak kezkatzen hasi ziren Frantziako Iraultza haien herrietara irits zitekeela uste baitzuten eta, horregatik, gerra deklaratu zioten iraultza aurrera eraman zuen Frantziako estatuari. Luis XVI.ak gerra nahi zuen, aurreko egoerara itzultzeko horregatik, iraultzako buruzagi gorenak, Robespierre, Danton eta Marat, erregea bere kargutik kentzen saiatu ziren. 1792ko apirilean Austriarekin hasi ziren gerran eta abuztuan Hébert-en jarraitzaileek (sans-culottes) Tuileriesko jauregia hartu zuten. Behin behineko komite betearazlea ezarri zen baina aginpidea Parisko komunak ere bazuen egiazki. Konbentzio Nazionala sortu zen. Lehenengo erabakia monarkia abolitzea izan zen. 1793an urtarrilean errege-erreginak hil zituzten gillotinan. Iraultzaren kontrako mugimendua sortu zen eta krisialdia zabaldu. Salbazio batzar bat eratu zuten Robespierrek eta Saint-Justek, besteak beste. Konbentzioa desagertuta batzar horrek gidatu zuen Frantziako politika. 1793ko urrian konstituzioa bertan behera gelditu zen. Hura izan zen “izu garaiaren” hasiera. Iraultzaren kontrako jende ugari eraman zuten gillotinara: aristokratak, monarkiazaleak, baita hasieran iraultzan parte hartutako asko ere, girondinoak esaterako. Egutegi berri bat asmatu zen izen erlijiosoak kenduta. Arrazoia jainkotzat hartua izan zen. Robespierren gehiegikeriek gillotinara eraman zuten eta 1794ean, berriro ere Konbentzioak nagusitasuna eskuratu zuen. 1795ean Iraultzaren ondorengo III. urteko konstituzioa argitaratu zen. Konbentzioak erregezaleen erasoei ezezik, aurre egin behar izan zien jakobinoei ere. Bienbitartean auzo herrien kontrako gerrak aurrera jarraitu zuen. 1795ean bertan, moderazioaren aldeko aldaketa etorri zen burgesiaren eskutik. Bi ganbera bereizi ziren legebiltzarrean, behe ganbera edo bostehunena, eta goi ganbera edo zaharrena. Handik sortu ziren direktorioa osatu zuten bostak. Direktorioak aginpide betearazlea zuen. Monarkiazaleen eta erradikalen kontrako borroka hartan jeneral bat nabarmentzen hasi zen: Bonaparte jenerala. 1797an jeneral gazteak estatu kolpe batean parte hartu zuen, eta direktorioa diktadura bihurtu zen. Europako herrien kontrako gerra hura Napoleonek zuzendu zuen, eta bake itunak iritsi zituzten. 1799an Napoleonek, krisi egoera ikusita, estatu kolpea jo zuen, berriz, eta aginpide betearazlea kontsulatu bati eman zion. Iraultza bukatua zen, baina iraultzaren ideia nagusiak zabaldu egin ziren Napoleonen osteak Europan zehar hedatu ahala.