François de Neufchâteau, Nicolas
(«konde François» deitua) Frantses idazle eta politikaria (Saffais, Lorraine, 1750 - Paris, 1828). Oso gaztetan, Neufchâteau-ko ikasle zela, lehen poemak argitaratu zituen (Pièces fugitives). Kargu politiko garrantzizkoak izan zituen bai Iraultza aurretik eta bai gero ere. Pamela ou la Vertu récompensée komediagatik kartzelan sartu zuten (1793), baina Thermidor-aren 9aren ondoren askatu eta Barne Arazoetako ministro izendatu zuten (1797). Carnot-en ordez zuzendari izan zen Iraultzaren ondorengo V. urteko Fructidor hilabetearen 18ko estatu kolpearen ondoren (1797ko irailaren 4a), 1798tik 1799ra berriro ministro izan zen eta administraritza, hezkuntza eta nekazaritza antolatzen saiatu zen. Senatuko lehendakari (1804-1806), inperioko konde, berriro erregea jarri zelarik erregetzaren alde agertu zen, baina pare titulua ez zuen onartu.