Franco Bahamonde, Francisco
Espainiar jenerala eta politikaria (Ferrol, 1892 - Madril, 1975). ik. frankismo. v 1907an Toledoko Infanteriako Akademian sartu zen. Hiru urte geroago, teniente zela, Marokoko gerrara joan zen. Afrikako gerran (1912) nabarmendu zen. Abd-el-Krim-ek Marokoko gerra berriro piztu zuenean, Tertzioko Lehen Banderaren buru zela ekintza nagusietan hartu zuen parte: Xauen hartzea, Melillaren defentsa, Gurugu hartzea eta Dar-Drius berriro eskuratzea (1921-22), eta talde beraren buru zela Alhuzemasko lehorreratzean eta Afrikako gerraren amaian (1923-25). Primo de Riverak Zaragozako Akademia Militarreko zuzendari izendatu zuen (1928-31). Garai hartan jadanik Europako jeneral gazteena zen. 1931n Errepublika eratu berriak Balear Uharteetako Komandantzia militarrera bidali zuen. Gerrako ministroaren aginduz, 1934eko Asturiasko Iraultza sozialista zapaldu zuen. Hurrengo urtean, Estatu Nagusi Zentraleko buruzagitza hartu zuen eta Gerrako Kontseilu Goreneko lehendakaritza bere esku gelditu zen. Herri Fronteak gaina hartu zuenean (1936ko otsailaren 16a), Kanarietako Komandantzia militarrera bidali zuten. Hala ere, harreman oso estuak gorde zituen marxismoaren garapena eragotzi nahi zuten gainerako buruzagiekin. Afrikako osteak gobernu errepublikarraren kontra altxatu zirenean (1936ko uztailaren 17a), hegazkinez Marokora heldu eta haiekin batera sartu zen penintsulan. Irailaren 29an Generalísimo izendatu zuten, eta 1938ko urtarrilaren 30ean estatuburu. Frankistek gerra irabaztean, Espainiako Caudillo izendatu zuten (1939ko ekainaren 5ean). Gerra Zibila bukatu zenean, Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean eta ondorengo urteetan, Espainiako erregimen berriaren kontrako blokeoa izan zen beste estatu gehienen aldetik. Erregimen totalitarioen gisara antolatu zuen Espainia. Gorteak eratu zituen, Espainolen Forua ezarri eta erreferendum legea eman zuen. Era askotako gobernuak antolatu zituen, frankismoaren oinarrizko joerak aldatu gabe izan arren, une bakoitzeko gorabeheren arabera (militarrenak, teknokratenak…). Atzerriko harremanei dagokienez, Espainia beste herrialdeetatik independente gorde nahi izan zuen “autarkia”-ren ideiari jarraituz; Hitler-ekin negoziazioetan huts egin ondoren, Bigarren Mundu Gerran ez sartzea erabaki zuen, Errusiara División Azul delakoa bidali zuen arren. 1950eko hamarkadan Estatu Batuekin eta NBErekin negoziazioak hasi zituen, eta poliki-poliki beste herrialde batzuekin ere harremanetan sartu zen, ekonomiak hala eskatzen baitzuen. Baina Espainiaren ortodoxia bereziaren ideiari eutsi zion betiere. Alderdi politiko bakarra onartu zuen beti, bera alderdi horren buru zela: Falange Española Tradicionalista y Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (FET y JONS). 1966an Estatuaren Lege Organiko berria eman zuen. Bere ondorengo izateko Joan Karlos Borboikoa aurkeztu zuen Espainiako errege izateko. 1973an gobernuburu kargua Carrero Blanco almirantearen esku utzi zuen. 1973ean ordea, ETAk Carrero Blanco hil zuen, eta era horretara Francoren ondorengo erregimenaren jarraipena zalantzan jarri zen. Franco 1975aren azaroan hil zen; lehenxeago ETAko bi kide eta FRAPeko hiru hiltzera kondenatu eta hilarazi zituen. Franco hil eta berehala hasi zen erregimen aldaketa, lehendik ere prestatzen hasia baitzegoen.