Foster, Jodie
(Jaiotza izena, Alicia Christian Foster). Estatubatuar antzezlea (Los Angeles, 1962). Frantses Lizeoan eta Yaleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Hamar urte besterik ez zituela hasi zen filmetan parte hartzen: Napoleon eta Samantha (1972), Tom Sawyer-en abenturak (1973), eta Alizia dagoeneko ez da hemen bizi (1974). Handik gutxira izendatu zuten lehen aldiz Oscar sarirako, Taxi driver (1976, Martin Scorsese) filmean jokatu zuen prostituta gaztearen paperarengatik. Beste zenbait filmetan parte hartu ondoren, Salatuak (1988, Jonathan Kaplan) filma izan zuen antzezle heldu gisa egindako lehena: taberna batean bortxatutako emakume baten larruan sartuta egindako lanarengatik, antzezle onenaren Oscar saria irabazi zuen. Handik hiru urtera beste Oscar bat irabazi zuen, Bildotsen isiltasuna filmarengatik (1991, Jonathan Demme). Urte hartan bertan, zuzendari gisa estreinatu zen, eta Tate txikia filmatu zuen. Azkeneko urteetako lanak: Sommersby (1993, Jon Amiel), Maverick (1994, Richard Donner), eta Nell (1994, Michael Apted). 1995ean, Oporraldia etxean filma egin zuen, zuzendari gisa egiten duen bigarrena.