Fossey, Dian
Estatubatuar zoologoa (San Francisco, 1932 - Ruanda, 1985). Virunga mendietan (Ruandan eta Zairen) gorilei buruz egindako ikerketengatik ezaguna. Ikasketak amaituta, haurrentzako erietxe batean lan egin zuen Kentuckyn. Goerge B. Schaller zoologo estatubatuarraren idatziek bultzatuta, Fosseyk bidaia bategin zuen Afrikara, 1963an. Han Louis Leakey britainiar antropologoa ezagutu zuen, tximino handien jokabidea aztertzen ari zena, gizakiaren bilakaera argitzen lagunduko ziolakoan, eta berak adoretu zuen gorilei buruzko azterketa sakona egitera. Fosseyk banan-banan aztertu zuen ziminio bakoitzaren portaera eta izaera, eta ordu arteko iritzi nagusia gezurtatuz, gorilak animalia sozial otzanak zirela ondorioztatu zuen. Hogeita bi urte igaro zituen gorilen ingurunea eta portaera aztertzen, eta lan horren guztiaren emaitza Gorillas in the Mist (1983, Gorilak lainopean) liburua izan zen. 1985ean Fossey hilda aurkitu zuten bere kanpalekuan. Agintarien ustez, gorilen eta beste animalia batzuen ezkutuko ehizari aurre egiteagatik hil bide zuten. Fosseyk egin zuen ikerketa eta kontserbazio lanari esker, mendiko gorilak Ruandako gobernuaren eta nazioarteko zientzia elkarteen babespean daude egun.