Foss, Lukas
Estatu Batuetako orkestra zuzendari, piano-jotzaile eta musikagilea, jatorriz alemana (Berlin, 1922). Bere jatorrizko abizena Fuchs da. Berlinen hasi zen musika ikasketak egiten. Hamabost urte zituela, Estatu Batuetara joan zen, eta han Randall Thompson eta Paul Hindemith izan zituen musika irakasle. 1950ean, Rome Prize saria irabazi zuen, eta 1957an ganberarako inprobisazio talde bat sortu zuen. Haren lehenbiziko lanak –Song of Songs (1946), esaterako, soprano eta orkestrarako idatzia– estilo neoklasikokoak dira. 1950eko hamarraldiaren bukaeran, serialismora (sistema dodekafonikoa), musika aleatoriora eta inprobisaziora jo zuen, eta matematikako probabilitateen teoria erabiltzen hasi zen, musikara egokitua (musika estokastikoa). Horren adibide dira, esate baterako: Time Cycle (1954-1960), soprano eta orkestrarako, eta Barroque Variations (1967), orkestrarako. 1963 eta 1970 bitartean Buffalo Philharmonic Orchestrako zuzendari izan zen, Kaliforniako Unibertsitateko irakasletza utzi ondoren. Halaber, 1981etik aurrera, Milwaukee Symphony Orchestrako zuzendaria izan da. 1983an, American Academy and Institute of Arts and Letters erakundeko kide izendatu zuten.