fosforo
iz. Kim. Gai ez metal bakuna, ilunean argitzen duena (P; at.-z. 15; at.-m. 30,97). Henning Brandt alemaniarrak aurkitu zuen 1669an, filosofia harria bilatzeko saioak egiten ari zela. Beste batzuen ustez Alchid Bechil alkimista arabiarrak Brandtek baino lehenago aurkitu zuen, XII. mendean. 1669an aurkitu bazen ere, 1830a arte ez zen industrian askorik ekoiztu. Nahiko zabaldua dago izadian, ortofosfato kaltziko eran batez ere. Beste 200 bat meatan ere aurkitzen da (fluorapatito, frankolita, wavellita…). Bi era alotropikoetan agertzen da batez ere: fosforo zuria eta fosforo gorria. v Fosforo zuria. Argizariaren itxurako solido bigun eta usain atseginekoa da; 44° C-tan urtzen da; oso sukoia, ilunbean argi-emailea eta oso pozoitsua da. Fosforo zuria 250° C-tan baino gehiagotan berotuz gero fosforo gorri bihurtzen da. v Fosforo gorria. Ez da pozoitsua, argi-emailea ere ez, eta oso bero handitan urtzen da. v Fosforoa industrian lortzeko ortofosfato kaltzikoa silizeaz eta ikatzez lantzen dute labe elektrikoan. Fosforoa landare eta animalien ezinbesteko elikagaia da, beren metabolismoan eginkizun handia du eta hezurrak eta hortzak gogortzen ditu. Fosforoa ezinbesteko elementua da landareen garapenean. Fosforo gabezia hostoetan agertzen diren urdingune opakoetan antzematen da. Landareek lurretik xurgatzen dute fosforoa. Animaliek, berriz, digestioan xurgatu eta odolera pasarazten dute. Poxpologintzan eta arratoiak hiltzeko erabili izan da. Fosforoaren konposatuak ongarriak, garbikariak, pentsuak, botikak, metal gainazalen babesleak, intsektu hilkariak etab. prestatzeko erabiltzen dira. v Azido fosforosoa. Fosforoak +3 balentziaz osatzen duen anhidridoaz (P2O3) eta horren eratorriak diren azidoez esaten da.