Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fosforilazio

iz. Biokim. Gai kimiko organiko bati fosforoa gehitzeko beharrezkoa den erreakzio kimikoa. Gai organiko bat azido ortofosforikoarekin konbinatuz lortzen da. Biologian asko erabiltzen den prozesu horrek garrantzi handia du zelulen metabolismoan, bitaminen ekintzan eta entzimen eraketan. Izaki bizidunek energia kimikoa bakarrik erabil dezakete lan egiteko. Giharren uzkurtzeak, proteinen ekoizpenak, etab., energia etengabe behar duten prozesuak dira. Energia hori janarietatik jaso ondoren konposatu kimiko berezi batzuen loturetan pilatzen da (fosforilazio erreakzioaren bidez), eta horiek berriro hausten direnean energia askatzen dute behar den lekuan eta neurri egokian, lehen aipatutako betebeharretan erabiltzeko. Landare berdeetan fosforilazio batzuk fotosintesian gertatzen dira. Energia pilatzaile edo gordetzaile gisa diharduten gai organikoen artean arruntena ATP-a edo adenosintrifosfatoa da.