Flor, Roger de
(Roger Blum benetako izenez) Kataluniako abenturazalea, jatorriz germaniarra (Brindisi, Sizilia Bietako erresuma, 1267 - Hadrianopolis, Bizantzioko Inperioa, 1305). Rikardo Blum belatz ehiztari germaniarraren semea zen. Tenpluko zaldun baten zerbitzuan hasi zen mutikotan eta gazterik hartu zuen parte kristauen ebakuazio batean, San Joan Akreko hirian (1291, Palestina). Tenpluko ordenako maisu nagusiak ordenaren altxor batzuez jabetu zela egotzi eta Genoara jo zuen Roger de Flor-ek. Hiri hartan bildutako almogabiar edo mertzenario kataluniar eta aragoitarren buru jarririk, itsas ohointzan hasi zen Mediterraneoan eta, indarturik, Aragoi, Katalunia eta Sizilia Bietako erregearen onespena jaso zuen. 1303. urtean, Andronikos II.a Bizantzioko enperadorearen zerbitzuan jarri zen turkiarren aurka bere almogabiarrekin eta, Asia Txikiko eremu handi askoren jabe egin ondoren, bertako zesar titulua jaso zuen enperadorearengandik. Migel IX.ak, Andronikos II.aren semeak, errezeloa hartu zion eta hilarazi zuen, almogabiar askorekin batera, oturuntza baten ondoren. Almogabiarrek mendeku hartu eta izugarrizko triskantza egin zuten Trazian eta Bizantzion (kataluniarren mendekua).