Flandes
(Neerlanderaz, Vlaanderen) Europako mendebaleko nazioa, Ipar itsasoaren ertzean, Artoisko mendien eta Escaut ibaiaren bokalearen artean. Frantziako Nord departamendua (5.774 km2 eta 2.520.526 biztanle. Hiriburua: Lille), Belgikako Mendebaleko Flandes (3.134 km2. eta 1.088.655 biztanle. Hiriburua: Brujas), Ekialdeko Flandes (2.982 km2 eta 1.330.422 biztanle. Hiriburua: Gante), Anberes edo Antwerpen (2.867 km2 eta 1.581.480 biztanle. Hiriburua: Anberes), Linburgo (2.422 km2 eta 729.620 biztanle. Hiriburua: Hasselt) eta Brabante (3.358 km2 eta 2.217.445 biztanle. Hiriburua: Brusela). Brabanteko herrialdearen bi heren flandestarrak dira, eta waloia edo frantsesa beste herena. Brusela hiriburua Flandes barnean dago eta eremu elebiduna da, flandestarra eta frantsesa (980.196 biztanle), eta Holandako Zeelanda edo Zeeland (1.791 km2 eta 335.434 biztanle. Hiriburua: Middelburg). Oro har, 21.510 km2 eta 9.276.137 biztanle ditu Flandesek. Belgikako estatuaren barneko flandestar herriek 13.645 km2-ko eremua hartzen dute eta 6.420.177 biztanle bizi dira bertan. Hizkuntza: flandesera. v Orografia eta klima. Flandes lurralde laua da oso. Klima heze samarra da (600-800 mm, euria urte osoan banatua), uda freskoak eta neguak ez oso hotzak, itsaso hurbilaren eraginak epeldu egiten dituelako. Bi eskualde nagusi bereizten dira oro har : Itsasaldeko Flandes eta Barnealdeko Flandes. Itsasoaren erasoari aurre eginiko zerrenda mehar batean (15 km) luzatzen da Itsasaldeko Flandes. Mendeetan zehar gizonak egituratu eta sendoturiko hondartza aldeetan portu guztiz garrantzitsuak eraiki dira bertan (Calais, Dunkerque, Gravelines, Zeebrugge, Ostende) eta itsasoari irabazitako lur eremu guztiz emankorrak (Herbehereak) zabaltzen dira barnerago. Gisa horretakoa da Zeelandako herrialdea. Barnealdeko Flandes kostaldekoa baino garaixeagoa da; batez beste 150 m-ko muinoak zabaltzen dira. Historian zehar ehungintzari loturiko hiri txikiak daude Barnealdeko Flandesen (Lille, Roubaix, Tourgoing, Tournai, Gante). Yser, Lys eta Escaut ibaiek gurutzatzen dute, mantso, Barnealdeko Flandes. Gisa berekoak dira Anberes, Brabante eta Linburgoko herrialdeak. v Ekonomia. Historian zehar, nekazaritza (ehun landareak) abere hazkuntza (ardi azienda), hari loturiko ehungintza (artilea eta lihoa) eta merkataritza (Ipar itsasoko portuak, Anberes batez ere, eta barnealdeko Erdi Aroko hiriak). Europako mendebaleko iraganbideen eta, geroago, Britainia Handiaren eta Ameriketaren merkataritza bideen erdian zeudenez, berebiziko garrantzia hartu zuten Flandesko hiriek Berant Erdi Arotik aurrera. Ehungintzari eta merkataritzari lotzen zaio egun ere Flandes. Nekazaritza moldeak guztiz modernoak dira eta industria garrantzitsua da (industria arina eta kimika industria). Turismoa hiri nagusietan eta itsasertzean biltzen da. v Artea eta zientziak. Eraikuntza zibiletan (gazteluak, jauregiak, belfrie edo dorreak eta udaletxeak) iritsi zuen gorena Flandesko arkitekturak, erromanikoak (Tournaiko katedrala) eta gotikoak. XVI. mendetik aurrera hasi ziren Italiako Errenazimentuko moldeak zabaltzen eta garrantzi berezia hartu zuen, ondoren, Flandesko barrokoak. Eskultore oso onak izan ziren Flandesen XIII-XVIII. mendeetan, baina margolariek famatu dute, batez ere, Flandesen izena (Van Eycks, Rogier van der Weyden, Hugo van der Goes, Bruegel, Rubens, Van Dyck, Verhaghen…). XV. mendeko musikari garrantzitsua izan zen Johannes Ockeghem. XVI. mendean ugari izan ziren Flandesen humanistak, matematikalariak eta lege gizonak. v Historia. Neolito Aroan biztanleak izan arren, erromatarren eskutik iritsi dira Flandesen historiaz idatziriko lehen testuak. Herri zeltak bizi ziren bertan K.a. I. mendean, Zesarrek lur haiek beretzat hartu zituenean. K.o. I. mendean Belgica Secunda probintzia erromatarreko zatia izan zen. Erromako Inperioaren mugan egon zen betiere, eta III. mendearen bukaeran izan ziren herri frankoen lehen eraso bortitzak: bertako zelta erromatartuak hegoalderantz bultzatu zituzten eta V. mendearen hasieran finkatu zen lurralde haietan franko-germaniar latindu gabeen eta erromatartuko galiarren arteko muga, gaur egungo flandestarren eta waloien artekoa gutxi gora behera. Iparraldeko franko haiek dira gaurko neerlandarrak (flandestarrak eta holandarrak). Merovingiarren garaian (V-VII. m.) konderri flandestar txikiak sortu ziren eta karolingiarren garaian (VIII-IX. m.) indartu ziren konderri haiek. IX. mendean gogortu ziren herri normandiarren erasoak eta frankoek muga herri bat ipini zuten Flandesen. X.-XVI. mendeen artean garrantzi handia izan zuen Flandesek bai industrian eta baita merkataritzan ere, eta areago politikan. Brujas eta Sluis izan ziren konderriaren lehen gune (Municipium Flandrese), 862an Frantziaren zergapeko gisa sortua. Balduin III.ak (X. mendea) industria, batez ere ehungintza, bultzatu zuen eta enperadorearen esku zeuden Ganteko feudoa eta beste zenbait lurralde erosi zituen. Antzinako konderria, batzuetan Frantziaren eta bestetan Inperioren mende egon zen. 1477ra arte Hainaut konderria Flandesi lotua egon zen. Balduin IX.ak (1194-1205) lehen gurutzadan parte hartu zuen eta Konstantinoplako Inperio Latinoko errege izan zen. Frantziak konderria bere eskumenean jartzeko egin zituen ahaleginak hutsean utzi zituen Ingalaterrako Eduardo III.ak. 1385ean Flandesko konderriak eta Burgundiako dukerriak bat egin zuten ezkontza bidez, eta horrela Austriako etxearen eta geroago Espainiaren eskuetara igaro ziren. 1659. eta 1713. urteen artean, frantsesek eskualde batzuk hartu zituzten, eta Flandes frantsesa eratu zen. Gainerakoa frantsesek hartu zuten 1794ean. Vienako itunaren bidez, Holandako erresumako parte izan zen 1830a arte; orduan Belgikara igaro zelarik. Azken bi Mundu Gerretan oso gatazka garrantzitsuak izan ziren lurralde horietan, eta kalte handiak izan zituzten.