flandesera
(Neerlanderaz, vlaams) iz. Flandesko hizkuntza, hego-neerlandera ere deitua. Hizkuntza germaniarra da, mendebaleko germanieraren taldeko hizkuntza. ik. neeerlandera. v Belgikako hizkuntza ofizial bietako bat da flandesera, frantsesarekin batera. XIX. mendean osatu zen hoog-vlaams edo flandesera literarioa (Hendrik Conscience idazlearen herri eleberriek bultzatu zuten bereziki hizkuntza molde hau). XIX. mendearen bukaeran bultzatu zen Flandesen neerlandera batua, eta hori da gaur egun hizkuntza molde nagusia kultura esparru guztietan, egunoroko hizkuntza mintzatua tokian tokiko dialektoetatik hurbilago dagoen arren. 1980. urtean 5.500.000 hiztun flandestar ziren Belgikan, eta 3.000.000 ziren waloiak edo frantsesak. Nolanahi ere, frantses hizkuntza izan da luzaroan nagusi Belgikako administrazioan eta kultura inguruetan. Brusela ingurua eremu elebiduna da; hiriburuan frantsesa nagusitu da orain arte, eta aldirietan, berriz, flandesera. Frantziako flandestarrek (Nord departamendua) ez dute halako hizkuntza eskubiderik eta galdu dute, neurri handi batean, hizkuntza.