Figueres, José María
Costarricar politikaria (1954). Errepublikako lehendakaria izan zen (1994-1998). West Pointeko Akademia Militarrean Industria Ingeniaritzako ikasketak egin zituen (1979). Aitak sorturiko enpresetako buru izan zen, eta herrialdea bizitzen ari zen krisialditik atera zituen. Aldi berean, kargu garrantzitsuak bete zituen Óscar Arias Sánchez lehendakariaren gobernuan. Merkataritzako ministro eta Nekazaritzako ministro izan zen. Harvardeko Unibertsitatean Administrazio Publikoko masterra egin ondoren, lehendakaritzarako hautagaia izan zen Partido de Liberación Nacional alderditik. 1994an Errepublikako lehendakari aukeratu zuten. 1996an zor publikoa murrizteko, zergak igo eta pribatizazio politika bultzatu zuen. 1998ko hauteskundeetan lehendakaritza galdu zuen, Miguel Ángel Rodríguez Echeverría sozial-kristauaren mesedetan.