Fezzan
edo Fazzan. (Lat. Phazania) Saharako eskualdea, Libiako hego-mendebalean, ordoki zabalez osatua (Hamada el Homra), igarolekua, oasi batzuk dituena. Datilondoak (11 milioi landare). Hiri nagusiak: Ghadames, Murzuk eta Sebha. v Historia. Erromako inperioko probintzia izan zen (Phazzania), eta arabiarrek hartu zuten VII. mendean (666). XIII. mende aldera Bornu-ren zergapeko izan zen, eta xarif marokoar batek dinastia bat sortu zuen bertan XVI. mendean. 1840an otomanoen inperioaren mendean geratu zen eta senusiar musulmanek eragin handia izan zuten bertan. Italiarrek hartu zuten 1913-1914 eta 1929-1930 urteetan. Bigarren Mundu Gerran, britainiarrekin batera eraso zuen Leclerc koronel frantsesak, Kufra hartu ondoren (1941). Gerra bukatu ondoren gudari talde bat utzi zuen Frantziak bertan, 1955. urtean Frantziak eta Libiak hitzarmen bat izenpetu zuten arte.