Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fianna Fáil

(Eusk. “Irlandako soldaduak”) Irlandako alderdi politiko nagusietako bat. Zenbaitetan Alderdi Errepublikarra izena ematen zaio. Irlandako estatu librea sortzeko, 1921ean Britainia Handiarekin izenpetu zuten hitzarmenaren aurka zeudenek 1926an eratu zuten alderdia. Errepublikar horiek, 1925etik aurrera Fianna Fáil izenez ezagutuak, Eamon De Valeraren politikariaren inguruan bildu ziren eta alderdia sortu zuten. 1927an onartu zuten Parlamentura joatea, eta 1932an De Valera Lehen Ministro izendatu zuten. Ondorengo urteetan alderdiak gora egin zuen hauteskundeetan. 1957tik 1973ra gobernuan iraun zuen, azken urteetan talde laboristaren laguntzarekin. Irlanda burujabea eta batua eratzea izan zen alderdiaren helburu nagusia. Bestalde gaelikoaren aldeko lanak egin zituzten, eta XX. mendean batez ere Irlandako ekonomiaz arduratu dira.