Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fez

edo Fes. (Ar. Fas). Marokoko iparraldeko hiria, izen bereko eskualdeko hiriburua. 548.206 biztanle (1982). Mezkitak eta unibertsitate musulmana. Larrugintza, zeta eta kotoi lanak, estalkiak, musika tresna eta zeramikagintza. Marokoko antzinako hiriburua. Bertan dago Qarawiyin izeneko mezkita ospetsua, 18 ate eta 366 habe dituena. Fas ibaiak gurutzatzen ditu Fas el-Bali hiri zaharra, eta Fas el-Djedid berria. Eraikuntza berriko hiria hego-mendebalean dago. 805.464 biztanle ditu Fesko herrialdeak (1982).  v  Historia. Idris II.ak sortu zuen Fes el-Bali 809an eta Espainiatik eta Kairuandik etorritako jendea kokatu zuen bertan. XI. mendean, Marokoko lau hiri nagusietakoa egin zuten almorabiarrek, eta XII-XV. mendeetan marindarren hiriburu izan zen. Horiek sortu zuten Fes el-Djedid hiri berria eta Andaluziatik ihes zetozen arabiarrak finkatu ziren bertan. 1911. urtean, gudaroste frantsesak hartu zuen Fez, Müläy Häfiz sultanak deiturik, jauregia inguratu zuten berberiarrak birrindu zitzan. 1912ko martxoan, Fezeko Hitzarmena sinatu zuen sultanak eta Maroko frantsesen manupeko ezarri. 1912ko azaroan, Marokoko iparraldeko zati bat eman zion Frantziak Espainiari (Rif) eta beste bat hegoaldean (Ifni eta Tarfaia).