Ferreño Mora, Adrián
Caceresen jaiotako margolaria, Donostian bizi dena (Villanueva de Gata, Caceres, 1948). 1951n Donostiara etorri zen familiarekin bizitzera, eta bertan egin ditu bere artelanen erakusketa nagusiak. Bere kasa ikasi zuen, baina oso gazte hasi zen Gipuzkoako Elkarte Artistikora joaten, eta han osatu zuen bere prestakuntza. 1970eko hamarraldian, marrazkia eta margoketa landuz, beste arte mota batzuk ere hasi zen lantzen: performanceak, arte ez kontzeptuala, eta hainbat happeging-etan parte hartu zuen bere elkartekideekin batera. Lehen erakusketa Donostian bertan egin zuen, 1971n. Artea herritar guztiei zabaldu behar zitzaiela eta, bere lanak galerietan erakusteaz gain zuzenean ere saldu zituen garai batean Donostiako Konstituzio enparantzan. Maiz erakutsi ditu bakarka bere lanak, esate baterako, Bilboko Ederti (1991, 1992, 1996) eta Windsord (1980) erakustokietan eta Donostiako Galería Dieciséis erakustokian (1986, 1990, 1993). Iruñea, Zaragoza, Madril eta Caceresen ere izan ditu lanak ikusgai. Bere obrak hainbat museo eta bildumatan daude: Donostiako San Telmo Museoan, Durango eta Gernikako Museoetan, Artelekun, Donostiako Kutxan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Ajuria-Enean, besteak beste. Eusko Legebiltzarreko ateen diseinua ere berea da.