Ferreira, Manuel
Portugalgo idazlea (Gândara dos Olivais, Leiria, 1917). Cabo Verden eta Angolan egon zen soldadu Lisboan Gizarte eta Politika Zientzietako ikasketak egin ondoren, eta Afrikako gaietan murgildu zen handik aurrera. Afrikako herrien askapenerako ahaleginetan hartu du parte, eta bertako kultura eta elezaharrak aldeztu ditu kolonizatzaileen kontra. Cabo Verden idatzitako eleberriek ekarri zioten ospea: Morna (1948), Morabeza (1958), Hora di Bai (1962), Voz de Prisâo (1971). Horiez gainera, Cabo Verdeko kultura eta literaturaren historia eman zuen 1967an A Aventura Criolla izenburupean. Afrikako literatura portugesari buruzko monografia guztiz garrantzitsuak idatzi ditu (Literaturas Africanas de Expressâo Portuguesa, 1977). Manuel Ferreira Afrikako literatura irakaslea izan da Lisboako unibertsitatean.