Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fausto

(Faustus Doktorea ere deitua) Elezaharretako eta antzerkiko pertsonaia, indarraren eta jakituriaren truke arima deabruari saldu ziona. Dirudienez, Faustoren jatorrian Johann Faust (1480? - 1540) izeneko pertsona bat dago eta 1587ko Volksbuch (Herri liburua) liburuan agertzen da lehen aldiz. Deabruak ezkutuko jakintzak irakatsi eta mirariak egiteko ahalmena eman zion. Marlowek (Ingalaterra), Calderón de la Barcak (Espainia), Lessing, Goethe, Klinger eta Lenauk (Alemania), Valéryk (Frantzia) landu dute Faustoren gaia. Goethe alemaniarraren Faust da horietan guztietan ospetsuena: 1773an hasi zen idazten poema dramatikoa eta 1808an argitaratu zuen lehen zatia (Faust, eine Tragödie). Margarita erakartzen du Faustok, eta ondoren emakumea eta harekin izandako haurra abandonatu egiten ditu. Haurra hil duela eta, Margarita heriotzara kondenatzen dute, baina bere damuak kondenatik salbatzen du. Faustori dagokionez, abere bihurtu nahi duen Mefistofeleren eta salbazioa eskaintzen dion Jainkoaren artean, ongiaren eta gaizkiaren artean zatiturik dagoen gizonaren sinboloa da. Faust, der Tragödie zweiter Teil in fünf Akten (1832), bukatu gabe geratu zen, baina lehenaren aldean sakontasun handiagoa du. Berliozek eta Gounodek bakoitzak opera bana egin zuen Fausto gaitzat harturik. Schumannek eta Lisztek ere badituzte pertsonaia berari eskainitako obrak.