Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fauvismo

iz. Art. XX. mendearen hasieran (1905 - 1907) gazte talde batek sortutako margolaritza higikundea. Taldeko burua Matisse zen (Emakumea eta bere kapela, 1905); Vlaminck, Rouault, Derain, Van Dongen, eta geroago Dufy eta Braque fauvista izan ziren. Parisen, 1905. urtean taldeak egin zuen erakusketa ikusita, kritikak fauves (piztiak) iritzi zien, eta handik aurrera izen hori eman zitzaion taldeari. Fauvismoak kolore biziak eta garbiak, nahastu gabeak erabiltzen ditu, eta formak soiltzera jotzen du. Van Gogh, Gauguin eta Seuraten pinturak eragin nabaria izan zuen joera berriko pintore haiengan. Sinbolismoarekin batera, ateak zabaldu zizkion fauvismoak XX. mende hasierako margolaritza joera berriei (kubismoa, surrealismoa, pintura abstraktoa). 1908. urtetik aurrera beste margolaritza molde batzuetan barrena abiatu ziren margolari fauvistak.