faxismo
iz. Mussolinik Italian ezarri zuen sistema eta doktrina politikoa; hedaduraz, Mussoliniren faxismoa eredutzat hartzen duen doktrina edo sistema politikoa. v Toki guztietan ezaugarri orokor berberak ditu faxismoak: estatuaren erabateko aginpidea da faxismoaren ezaugarri nagusia; aginpidea piramide moduan dago antolatua eta Duce-a da piramide horren burua; hiritar guztiek alderdi nazional faxistako kide behar dute izan, eta horixe da onartzen den alderdi politiko bakarra; abertzaletasun inperialista hedatzea du helburu. Demokrazia liberala, errazionalismoa eta burgesia gaitzesten dira. Estatuak aita baten erara jokatzen du langileekin; langabeziari aurre egiteko obra publiko handiak eta armagintza programak eratzen ditu. v Faxismoa Lehen Mundu Gerraren ondoren sortu zen, Italiako gobernuaren ezintasuna, ekonomia arazoak eta gerrak sortutako etsipena zirela eta. Egoera horrek militarren balioak eta agintaritza goraipatzea ekarri zuen. mussolinik higikunde faxista sortu zuen 1919an, eta 1922an gobernua bere esku geratu zen. Faxistena ezik gainerako alderdi guztiak legez kanpo utzi zituen eta Italia autoritarismoaren mendean geratu zen. Beste herrietara ere hedatu zen eta tokian tokiko ezaugarriak hartu zituen; hala, Alemanian nazionalsozialismoa sortu zen. Lehen Mundu Gerraren ondorioak Italian baino latzagoak izan ziren Alemanian, eta aginpide faxista ere gogorragoa eta autoritarioagoa izan zen. Hitler izan zen faxismoaren buruzagia Alemanian.