Eusko Alkartasuna
Euskal Herriko alderdi politiko abertzalea, 1986. urteko urrian EAJren baitatik sortua, Carlos Garaikoetxea eta EAJren ildo ofizialarekin bat ez zetozen beste burukide batzuen eraginez. 1990eko hamarraldian, aurreneko urteetako ezin ikusiak apurka-apurka leunduz joan ondoren, elkarlanari ekin zioten maila askotan Eusko Alkartasunak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak. 1986ko Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztu zen lehenengoz boto emaileen aurrean EA, eta emaitza bikainak lortu zituen, 180.000 boto bereganatuz; 1987ko udal eta batzar nagusietarako hauteskundeetan ere lortu zuen emaitza aipagarririk. Besteak beste, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren kargua eta Donostia zein Gasteizko alkatetzak lortu zituen. 1990. urtean Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan aurrekoetatik boto ugari galdu zituen: 115.000 (% 11,3) eta 9 eserleku lortu zuen. 1991ko urtarrilean, EAJ eta une hartan desegite bidean zegoen EArekin batera, Eusko Jaurlaritza eratzeko akordioa izenpetu zuen. Hiruren arteko gobernua, ordea, urte bereko irailean hautsi zen, eta PSE-PSOE sartu zen orduan Jaurlaritzara. 1991ko udal hauteskundeetan ere izan zuen ezbeharrik EAk. Donostiako udalean, esate baterako, Xabier Albistur EA-Euskal Ezkerraren zerrendaburuak izan bazuen ere boto gehiena, beste alderdien arteko akordioari esker Odón Elorza sozialistaren esku geratu zen alkatetza. 1993ko hauteskunde orokorretara ere Euskal Ezkerrarekin koalizioa eginda aurkeztu zen, nahiz eta koalizio hori urte bereko udazkenean eten. 1994ko Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan botoak galtzen jarraitu zuen EAk, lau urte lehenago baino 10.000 gutxiago lortu baitzituen. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzara itzuli zen, gobernu akordioa izenpetu baitzuten EAJ-EA eta PSEren artean. Akordio horrek 1998an sozialistek Eusko Jaurlaritza uztea erabaki zuen arte iraun zuen. 1995ean Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeetan bi parlamentari lortu zituen Eusko Alkartasunak, 13.568 botorekin (% 4,66). Urte hartako uztailean Nafarroako Erkidegoko Foru Gobernua osatzeko akordioa izenpetu zuen, Juan Cruz Alliren CDNrekin eta PSNrekin batera. Eusko Legebiltzarrerako 1998ko hauteskundeetan berriz, emaitzek gora egin zuten 1994koekin alderatuz gero, 108.000 boto lortuz. Hala ere, aurrekoetan baino bi eserleku gutxiago bereganatu zituen Gasteizko ganberan (6). 2000. urtean EAJrekin batera osatu zuen gobernua, EHren babes parlamentarioarekin, EAJ-EAk eta EHk zuten hitzarmena bertan behera gelditu zen arte. 1999an areagotu egin zen EAJ eta EAren arteko lankidetza. Izan ere, urte hartan egindako udal hauteskundeetan zerrenda bateratuak aurkeztu zituzten alderdi biek hainbat udaletan, eta elkarren artean lortu zuten beste inork baino boto gehiago (% 23,09). Bakarka aurkezten zen udalerrietan, EAEn eman ziren guztizko botoen % 3,15 eskuratu zituen Eusko Alkartasunak. Hauteskundeen ondoren, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan elkarlanari ekin zioten EAJ-EAk eta EHk, alkatetzak lortzeko elkarri laguntza eskainiz. Elkarlan hura Bizkaiko 25 udaletan, Arabako 11tan eta Gipuzkoako 8tan gauzatu zen. 2000. urtearen erdialdean, ordea, bertan behera gelditu zen lankidetza udal gehienetan, ETAk su-etena bertan behera utzi eta berriro borroka armatuari ekin ondoren EHk ez baitzuen, gainerako bi alderdiek eskatu bezala, ETAren jarduna gaitzetsi. Urte berean Nafarroan egin ziren Foru Parlamenturako hauteskundeetara ere elkarrekin aurkeztu ziren EA eta EAJ. Zerrenda bateratuak 16.512 boto (% 5,57) eta hiru eserleku eman zizkien Iruńeko ganberan. Urte bereko Europako Parlamenturako hauteskundeetan parlamentari bat lortu zuen Eusko Alkartasunak, eta Gorka Knör bilakatu zen EAren europar parlamentari. Hauteskunde orokorrei dagokienez, 1996koetan 103.628 boto lortu zituen EAEn eta 12.233 Nafarroan; 2000. urtekoetan, berriz, 86.557 EAEn eta 14.185 Nafarroan. Hala, azken urteotako boto galerak eta bestelako faktore koiunturalek behartuta, Eusko Alkartasuna koalizioan aurkeztu izan da hauteskunde batzuetara, EAJrekin batera. Dena dela, 2009ko martxoko Lehendakaritzarako Hauteskundeetan uko egin zion koalizioan aurkezteari, EAJk eta PSOEk elkarrekin gobernatu nahi izan lezaketela iritzita. Alderdiaren barne eraketari dagokionez, azkenaldiko urterik nahasiena 1999 izan zen EArentzat. Uztailean, ordu arte idazkari nagusi izandako Inaxio Oliverik bere dimisioa aurkeztu zuen eta urtearen amaieran egitekoa zuen Kongresuaren atarian alderdiaren sorreratik lehendakari izandako Carlos Garaikoetxeak berriz kargurako aurkezteko asmorik ez zuela adierazi zuen. Kongresu hartan Begońa Errazti hautatu zuten azkenik EAko lehendakari, eta Gorka Knörr idazkari nagusi. 2007az geroztik Unai Ziarreta da lehendakaria.