Eusko Jaurlaritza
Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioko eta aginpide betearazleko erakunde gorena. 1936ko urriaren 7an antolatu zen Euskal Herriko lehen gobernu autonomoa, Euzko edo Eusko Jaurlaritza izenaz, Madrilgo Errepublikako gobernuak Euskal Herriko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa autonomi estatutu batez hornitzea onartu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren aginte esparrua aipaturiko hiru herrialdeetara hedatzen bazen ere, egiaz Bizkaian, Gipuzkoako mendebalean eta Arabako iparraldeko eremu batzuetan baizik ez zuen jardun, beste lurraldeak Frankoren esku baitzeuden. Hauek osatu zuten lehen euskal gobernua edo Eusko Jaurlaritza: Jose Antonio Agirre Lekube (Lehendakari eta Defentsa sailburua, E.A.J.), Juan Astigarrabia (Herri Lanetarako sailburua, komunista), Telesforo Monzon (Barne sailburua, E.A.J.), Juan de los Toyos (Lan eta Komunikabideetarako sailburua, P.S.O.E.), Gonzalo Nardiz (Nekazaritzarako sailburua, E.A.E.), Ramon María Aldasoro (Merkataritza eta Hornidurarako sailburua, Izquierda Republicana), Santiago Aznar (Industriarako sailburua, P.S.O.E.), Heliodoro de la Torre (Finantzetarako sailburua, E.A.J.), Jesus Maria Leizaola (Justizia eta Kulturarako sailburua, E.A.J.), Juan Gracia (Gizarte Laguntzarako sailburua, P.S.O.E.), Alfredo Espinosa Oribe (Osasunerako sailburua, Unión Republicana). 1937ko ekainaren 19an, Bilbon sartu ziren Francoren osteak eta Santander aldera abiatu zen Eusko Jaurlaritza, ihes, gudari eta zibil asko ondoren zeramatzala. Gorabehera handien ondoren, armak uztea izenpetu zuen Eusko Jaurlaritzak italiar gudarostearekin Santoñan (1937ko abuztuaren 25ean) baina hitzarmena berehala gelditu zen balio gabe, Francoren armada iritsi zenean. Urte bereko azaroan Bartzelonan hartu zuen egoitza Eusko Jaurlaritzak. Euskal iheslarien egoera zuzentzea izan zen Eusko Jaurlaritzaren zeregin nagusia. 1939ko otsailean igaro zen Agirre Frantzia aldera, baina 1940ko maiatzean alemaniar naziak Frantziara sartu eta berriro ere ihes egin behar izan zuten euskaldun iheslariek. 1942an osatu zen Eusko Jaurlaritza berriro. Aliatuen alde jokatu zuen Eusko Jaurlaritzak eta euskaldunen batailoi bat osatzeko agindua eman zioten Kepa Ordoki E.A.E.ko komandanteari. Berebiziko garrantzia izan zuen Gernika batailoiak. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Eusko Jaurlaritza antolatu eta alderdi guztiak jarri ziren Hego Euskal Herrira eta Espainiara begira, Francoren azkena hurbil zegoelakoan. Ez zen horrelakorik gertatu. Mundu kapitalistaren eta komunistaren arteko gerra hotzaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzatik kanpora geratu zen alderdi komunista (1948). 1956. urtean munduko Lehen Euskal Kongresua egin zen eta guztiz nabarmendu ziren lehengo buruzagi nazionalisten eta gazteen (EKIN taldea) arteko alde handiak. 1960. urtean, Jose Antonio Agirre hil ondoren, Jose Maria Leizaola aukeratu zuten lehendakari eta hark jarraitu zuen karguan 1980. urtera arte. 1980ko apirilaren 24ean osatu zen Euskadiko Autonomia Erkidegoko Jaurlaritza berria eta Karlos Garaikoetxea hautatu zuten lehendakari.