Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Ikaskuntza

(Esp. Sociedad de Estudios Vascos) 1918. urtean mamitu ondoren, Euskal Herrian eratu zen kultura, jakintza eta zientzia elkartea. Angel Apraizek, Gasteizko Ateneoko idazkari eta Salamancako unibertsitateko irakasleak zabaldua zuen aurretik Euskal Herriko jakintza gaiak bilduko zituen unibertsitate edo ikastaro bati ekiteko asmoa eta, Gipuzkoako Aldundiak bultzaturik, Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarra 1918ko irailean. Araba, Bizkaia eta Nafarroako Diputazioek biltzar horretarako egitasmoa bultzatzeko erabakia hartu zuten eta, bigarren karlistadaz geroztik, lehenengo aldiz bildu ziren Euskal Herri osoko jakintsuak, Ipar Euskal Herriko ordezkariak barne, euskal jakintzari buruzko biltzar batean. 1918-1923 urteetan hiru batzar egin zituen Eusko Ikaskuntzak. 1921. urtean, Julio Urkijo 1907. urtean argitaratzen hasi zen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (esp. Revista Internacional de Estudios Vascos, RIEV) Eusko Ikaskuntzaren aldizkari ofiziala bihurtu zen, Julio Urkijoren zuzendaritzapean betiere. Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) eten egin zuen neurri handi batean Eusko Ikaskuntzaren egitekoa (Laugarren Biltzarra egin zen, halere, 1926an), baina 1930. urtean berriro ekin zion Eusko Ikaskuntzak bere jardunari, Hego Euskal Herriko etorkizun politikoan zuzenean parte hartzeaz gainera (Autonomi Estatutu baterako proiektua bideratzea erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak bere Bosgarren Kongresuan). 1931ko maiatzean aurkeztu zuen Eusko Ikaskuntzak Hego Euskal Herrirako autonomi estatutua, gero, aldaketa batzuk gora-behera, Lizarrako estatutua izenaz ezagutuko zena. 1934ean, Eusko Ikaskuntzaren Seigarren Batzarra egin zen Bilbon 1934ean. 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, biderik gabe utzi zuten frankistek Eusko Ikaskuntza eta erbestean eutsi behar izan zion elkarteak bere egitekoari (bi batzar egin ziren halere Ipar Euskal Herrian: 1948an Miarritzen eta 1954ean Baionan eta Uztaritzen). 1978. urtean, berriro ekin zion Eusko Ikaskuntzak Hego Euskal Herriko jardunari, Jose Migel Barandiaran aitzindari, eta hiru batzar egin ditu ondoren: Bilbon (1983), Iruñean (1987) eta Donostian (1991).  v  Eusko Ikaskuntzak aldizkari eta argitalpen ugari eskaintzen ditu urtean zehar eta ikerketarako diru laguntzak ematen. 1991. urtean hil zen arte, Jose Migel Barandiaran izan zen Eusko Ikaskuntzako lehendakari. 1992an Gregorio Monreal Zia aukeratu dute haren ondorengo.