Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Gaztedi

Euzko Alderdi Jeltzaleko gazteen erakundea. Izen ugari izan ditu historian zehar: Juventud Vasca, Euzko Gaztedi, Eusko Gaztedi, Eusko Gaztedi del Interior (E.G.I.). 1913. urtean sortu zen Bilboko Juventud Vasca taldea, Elias Gallastegik bultzaturik, eta beti izan zen alderdiko indepentziazaleen gune nagusienetako bat. 1918. urtean itxi egin zuten erakundeen egoitza. Bestalde, 1920an sortu ziren Iruñeko eta Gasteizko taldeak. 1923. urteko diktaduraren hasieran erabat debekatu ziren taldearen jardun guztiak. 1930eko ekainean hasi zen berriro ere Bilboko Juventud Vasca eta 1931n zabaldu zen Donostiako egoitza. 1932an berriro zabaldu ziren Iruñea eta Gasteizkoak. 1950. urteetan hasiko ziren EGI eta E.A.J. alderdiaren arteko tirabirak. EGIn ibilitako militanteek sortu zuten EKIN eta, gerokoan, ETA erakundea (1959). Bestalde, bere egin zuen borroka armatua 1969an EGIk (zeramaten lehergailuak eztanda egin zuenean hil ziren Artajo eta Asurmendi kideak) eta 1971-1972 urteetan, bat egin zuen ETArekin EGI erakundeko adar batek (EGI-Batasuna, Mujika Arregi zela buru). Egungo egunean EGIren ingurura biltzen dira Euzko Alderdi Jeltzaleko kide gazteak. Maiz egiten dituzte EGIko kideek, gainerako kideek ez bezala, Euskadiko independentziaren aldeko adierazpenak.