Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Langileen Alkartasuna (ELA-STV)

Hego Euskal Herriko langile sindikatua. 1911. urtean sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak, Solidaridad de Obreros Vascos izenaz, eta 1933an hartu zuen ELA-STV izena. ■ 1998an egin ziren hauteskunde sindikaletan langileen ordezkarien % 35,7 (abenduaren 31ko datuak) lortu zituen ELAk. EAEko datuetara mugatuz, ELAk ordezkarien % 40,18 lortu zituen. Nafarroan izan ezik, Hego Euskal Herriko gainerako lurralde guztietan izan zen garaile ELA, 1994-95 urteetan egin ziren hauteskunde sindikaletako emaitzei eutsiz (EAEn, % 0,45 puntuko igoera baino ez zuen izan). 2000. urteko urrian 90.256 afiliatu zeuzkan, hiru urte lehenago baino % 3 gehiago. Afiliatuen batez besteko adina 44 urtekoa zen eta gehienak (62.513) gizonezkoak ziren. Afiliatuen % 23 (21.014) militante ere baziren, eta horien batez besteko adina 35 urtetik beherakoa zen. 2000. urteko abenduan egin zuen ELAk bere X. Biltzarra, eta horretan, Jose Elorrieta idazkari nagusi karguan berresteaz gainera (ordezkarien botoen % 84 eskuratu zituen), berrikuntza nabarmenak egin zituen sindikatuak barne-egiturei dagokienez. Izan ere, asko gaztetu zen zuzendaritza eta, kargudunen gehienezko adina 58 urtetan finkatzen duen barne arauaren arabera, ELAren buruzagi historikoren batzuk, Jose Migel Leunda presidentea barne, zuzendaritzatik kanpo gelditu ziren. Lehenengo aldiz, bi emakume heldu ziren ELAren zuzendaritzara. Azken urteotan LABekiko lankidetzari eutsi dio ELAk, eta, Lizarrako Itunaren sinatzaile izanik, Euskal Herriko dinamika politikoan ere pisu handia izan du. Aitzitik, asko urrundu da UGT eta CCOO estatu mailako sindikatuek osatzen duten esparru sindikal ez abertzaletik, eta oso ekimen gutxiri heldu diote elkarrekin sindikatu guztiek.