Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Autonomia Erkidegoa

(Lehen, Euskadiko Autonomia Erkidegoa). Hego Euskal Herriko eremu instituzional eta administratiboa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek osatua. 7.234,8 km2ko eremua du guztira: 3.037,3 km2 Arabak, 2.217,2 km2 Bizkaiak eta 1.980,3 km2 Gipuzkoak. ■ Biztanleriaren bilakaera. 2008ko erroldaren arabera, 2.155.546 biztanle zituen urte hartan EAEk, 290 biztanle km2 bakoitzeko. Biztanleriaren erdia baino gehiago –1.140.026 lagun– Bizkaian bizi zen, eta lurralde historiko horretan dentsitatea ere batez bestekoa baino askoz altuagoa zen: 514 biztanle km2ko. Gipuzkoan, berriz, legezko 676.208 biztanle zeuden, eta 341 pertsona bizi ziren km2ko. Biztanle kopuru eta dentsitate txikiena Arabak zituen: 281.821 biztanle eta 92,8ko dentsitatea. Biztanleriari buruzko datuak 1997. urteko abenduan eguneratu ziren, eta urtebeteko tarte horretan % 0,3 urritu zen guztizko kopurua. Izan ere, azken hogei urteetan etengabe egin du behera EAEko biztanleriak. 1981etik 1997ra, esaterako, biztanleriaren % 2,3 galdu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak. Galerarik nabarmenena –% 4,7– Bizkaian izan zen, eta hazi zen lurralde bakarra Araba izan zen. Biztanleriaren egiturari dagokionez, adin talde nagusien araberako banaketaren bilakaerak ez du aldakuntza handirik izan azken urteotan. Hala ere, kopuruaren jaitsiera nabarmenena adinik gazteetan antzeman da, eta horrek eragin zuzena izan du egitura demografikoaren ikuspegitik EAEk duen arazo larrienetako batekin; biztanleriaren zahartzearekin, alegia. 1981 eta 1997 artean, 0 eta 19 urte bitarteko biztanleria % 34tik % 19ra jaitsi zen. Hamabost urte horietan, bestalde, 65 urte eta gehiagoko biztanleria bikoiztu egin da: % 9tik % 16ra igo da. Biztanleriaren bilakaera, halaber, ez da orekatua izan udalerri guztietan, neurriak aldaketa handiak eragin baititu bilakaera horretan. Biztanle gehikuntza 10.000 biztanletik beherako udalerrietan baino ez da izan, eta jaitsierarik handiena 40.000 eta 100.000 biztanle arteko udalerrietan eman da, horiek hartu baitute biztanle kopuruaren galeraren % 54. 100.000 biztanletik gorako udalerrietan izan da biztanleriaren guztizko murriztearen % 43. Nolanahi ere, 1999. eta 2000. urteetan jaiotzak ugaltzen hasi zirela antzeman zen EAEn. 1999an, esaterako, 16.661 haur jaio ziren, aurreko urtean baino % 4 gehiago. 2000. urteko lehen hiruhilekoan ere % 2 igo zen jaiotzen kopurua aurreko urteko epe berberarekin alderatuz gero. Biztanleriaren berezko hazkundeak negatiboa izaten jarraitzen badu ere, Europar Batasuna osatzen duten estatu gehienetan bezalatsu, gainbeheraren erritmoa moteltzen hasia dela esan liteke. Berezko hazkundearen –bizirik jaioak ken hildakoak– nolabaiteko berreskuratzea iragarri badaiteke ere, garrantzia hartzen hasi da immigrazioak biztanleriaren bilakaeran duen eragina. Esan beharra dago, nolanahi ere, emigrazioak ere eragin handia izan duela azken urteotako biztanle galeran, 70-80 hamarkadetako krisialdi ekonomikoaren ondorioz herri ertain eta handi askok biztanle asko galdu baitzuen emigrazioaren eraginez. ■ Bilakaera ekonomikoa. Mendebaldeko ekonomia gehienen mesederako izan den ziklo ekonomiko onuragarriaren eraginez, 1993tik aurrera urtero hazi da ekonomia Euskal Autonomia Erkidegoan. Barne Produktu Gordinaren urtez urteko batez besteko hazkundea % 4,3koa izan da –Espainiar estatukoa baina sei hamarren gehiago eta Europar Batasunekoaren halako bi–. Oro har, sektore guztiak hazi ziren, nahiz eta hazkundea nabarmenagoa izan industrian eta, batez ere, eduki teknologiko ertain edo handia duten sektoreetan. Egoera ekonomiko orokorraren susperraldiaren ildotik, 70-80 urteetako krisialdiaren ondorioz guztiz larriak ziren langabezia tasek ere behera egin dute nabarmen EAEn 90eko hamarkadan. 1995ean, esaterako, langabezia tasa % 23 zen, eta 1999an % 14,1. Nahiz eta 2001. urterako egin diren iragarpen makroekonomiko guztiek hazkundea eta enplegu sortzea baretu egingo direla aurreikusi, 2000. urtean aurreko urteetako bidetik jarraitu zuen oro har ekonomiak, desazelerazio sintomaren batzuk agertu baziren ere. EAEko biztanleen kezka nagusietako bat izaten jarraitzen duen langabeziari dagokionez, esate baterako, 2000. urteko bigarren hiru hilekoan heldu zen EAE 1985az geroztiko langabezia tasa beherenera, % 13,9. Nolanahi ere, alde handiak zeuden lurralde eta eskualde desberdinen artean. Hazkunde ekonomikoa ez da orekatua izan, nahiz eta adierazle makroekonomikoak baikorrak izan hiru lurraldeetan. Badira, halere, krisialdiari erabat gaina hartu ezinik dabiltzan eskualdeak, hala nola Bilbo Handiko Ibar Ezkerra eta, Gipuzkoan, Pasaialdea. ■ Oro har, industria garatua ez duten nekazaritza eskualdeetan ere askoz ere motelagoa izan da susperraldi ekonomikoa. Alde horiek, langabezia tasan ez ezik, udalerrikako Barne Produktu Gordinean dauden diferentzietan islatzen dira. 1996an biztanleko BPG 2.287.000 pezetakoa zen, urteko, EAEn. Horri 100eko indizea emanez gero, Araban 122ra igotzen zen indizea, Gipuzkoan 102koa zen eta Bizkaian, berriz, 92ra jaisten zen. Eskualdeka ere nabarmenak ziren aldeak: goiko muturrean Añana, Deba Garaia edo Gorbeia inguruak zeuden bitartean, behekoan Enkarterri edo Bidasoa Beherea koka zitezkeen. Datu orokorrak baikorrak izan arren, EAEren egoera sozioekonomikoak badu alde ilunik ere: hobetu beharreko azpiegiturak, informazioaren gizartean txertatzeko ahaleginak egin beharra, eremu azpigaratuak, pobrezia guneak… Erronka horiei era bateratuan aurre egiteko 2000. urtean "2000-2003 Aldian Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Plana" aurkeztu zen eta horixe izango da, hain zuzen, hurrengo urteotako bilakaera bideratuko duen ardatz nagusia. Ekonomia, enplegua eta prestakuntza, informazio gizartea eta era guztietako egiturak sustatzea da planaren helburua, eta, horretarako, 277.339 milioi pezetako kostua aurreikusten da epe horretan. Nolanahi ere, Euskadi 2003 egitasmoan 535.537 milioi pezetako inbertsioak jotzen dira beharrezkotzak Europar Batasunarekiko benetako konbergentzia, gizarte kohesioa eta berrikuntza bermatzeko. ■ Bilakaera politikoa. 90eko hamarkadan Euskal Autonomia Erkidegoan egin diren hauteskunde guztietan, oro har, alderdi abertzaleak izan dira garaile, nahiz eta hamarkadaren azken urteetan nabarmena izan lurralde eta eskualderen batzuetan indar ez abertzaleen boto igoera eta, ondorioz, haien esku gelditu dira erakunde garrantzitsu batzuk, hala nola Arabako Batzar Nagusi eta Foru Aldundia, edota Donostia eta Gasteizko udalak. 1990, 1994 eta 1999. urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzalea izan zen garaile, eta berak hartu zuen Euzko Jaurlaritza osatzearen ardura. 1994ko hauteskundeetan 22 legebiltzarkide lortu zituen EAJk, 16 PSE-EE/PSOEk, 13 HBk, 9 EAk, 6 PPk eta 3 UAk. 1994rako, ordea, aldatzen hasia zen egoera: EAJk 22 legebiltzarkideei eutsi zien, 12ra jaitsi zen PSE-EE/PSOE, 11ra HB eta 8ra EA. PPk, aldiz, bost legebiltzarkide gehiago lortu zituen, 11ra heldu eta HB berdinduz, eta UAk ere hobetu egin zituen emaitzak, 5 legebiltzarkide lortuz. EB-IU ere indar handiz heldu zen Legebiltzarrera, 6 kiderekin. 1995. urteko lehen asteetan hasi zen legegintzaldian lankidetzan osatu zuten gobernua EAJk, EAk eta PSE-EE/PSOEk –aurreko legegintzaldian ere sozialisten laguntza izan zuen EAJk gobernuari eusteko, EAk uztea erabaki ondoren–, baina gobernu akordioa ez zen agintaldiaren amaierara heldu, 1998 urtean PSE-EE/PSOEk Eusko Jaurlaritza uztea erabaki baitzuen, agintekide zituen alderdi abertzaleak HBrekiko harreman estuegiak zituztela-eta. Izan ere, aldaketa garrantzitsua bizi izan zuen 1998. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko –eta oro har, Euskal Herriko– egoera politikoak. Esparru abertzaleko alderdi, sindikatu eta gizarte erakundeen arteko lankidetza erabat sendotu zen urte hartan, hainbat gertakari garrantzitsuren eskutik. 1998. urteko irailean, esaterako, egun gutxi batzuen buruan azken urteotako politikagintzan eragin nabarmena izan duten bi gertaera bizi izan ziren: Lizarra-Garaziko Itunaren gauzatzea eta abertzaleen langune bateratua sortzea, eta ETAren su-etenaren aldarrikapena, urtebete iraun zuena. Tarte horretan, erabat sendotu zen alderdi abertzaleen arteko elkarlana, ertakundeetan nahiz erakundeetatik kanpo. 1998ko urrian egin ziren Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, sendotu egin zen alderdi ez abertzaleek legebiltzarrean zuten presentzia ere. EAJk legebiltzarkide bat galdu eta 21 lortu zituen, EAk bi galdu zituen eta 6tan gelditu zen. Legebiltzarkide kopurua handitu zuen indar abertzale bakarra EH izan zen. HBk 1994ko hauteskundeetan lortutako 11 legebiltzarkideen aldean, 14 lortu zituen EHk 1998an. Baina, esan bezala, alderdi ez abertzaleena izan zen igoerarik nabarmenena: PPk bost parlamentari irabazi zituen eta, 16rekin, bigarren indar bezala gelditu zen legebiltzarrean (esan beharra dago Unidad Alavesak hiru parlamentari galdu zituela), eta PSE-EE/PSOEk ere bi legebiltzarkidetan hobetu zituen lau urte lehenagoko emaitzak, 14 legebiltzarkide lorturik. Legebiltzarrean behar adineko gehiengoa ez lortu arren, EAJk eta EAk hartu zuten berriro Eusko Jaurlaritza osatzearen ardura, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela. Une hartako lankidetza giroaren ondorioz, 1999-2002 legegintzaldirako Legebiltzarrean Lankidetzak Jarduteko Oinarrien Akordioa izenpetu zuten EAJk, EAk eta EHk. 1999. urtean zehar hainbat udaletara ere zabaldu zen alderdi abertzaleen arteko lankidetza, baina urte bereko azaroan ETAk su-etena bertan behera utziko zuela jakitera eman ondoren, epeltzen hasi ziren EAJ-EA eta EHren arteko harremanak politikagintzaren esparru guztietan, EHk Eusko Legebiltzarrean presentzia iraunkorrari uko egin eta lankidetza akordioa ere bertan behera gelditu zelarik. Eusko Jaurlaritzak normaltasunez jarduteko behar zuen babes parlamentarioa galdu zuen orduan, eta, aldiz, areagotu egin zen PP eta PSE-EE/PSOEren arteko lankidetza Eusko Legebiltzarrean. 2000. urtearen amaieran, egonkortasun falta zen nagusi EAEko erakunde komun nagusietan, eta 2001. urtearen hasieran hauteskundeak aurreratzea –PP eta PSE-EE/PSOEren etengabeko eskaera– ezinbestekotzat jo zuen Ibarretxe lehendakariak. Bitartean, erakundeetan ez ezik, politikagintza orokorrean ere areagotu egin zen alderdi abertzale eta ez abertzaleen arteko tentsioa, eta gizartera ere zabaldu zen giro hori.
http://www.euskadi.net/r33-2220/eu/