Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Europako Parlamentua

Europako Ekonomia Elkarteko organo betearazleen betebeharra behatzen duen erakundea. 1958. urtean sortu zen eta egoitza Estrasburgon dago nahiz Batzorde bilkura Bruselaan egin. Urteko txosten nagusiak onartu eta aurrekontuak zehazten ditu Europako Parlamentuak. Lehendakari batek, idazkari nagusi batek eta 14 batzorde iraunkorrek osatua da. Europako Parlamenturako lehen hauteskundeak 1979. urteko ekainean egin ziren eta bertatik 410 ordezkari hautatu ziren. ■ Europar Batasuneko Estatu kideetako hiritarrek, Europako Hauteskundeetan, bost urterako aukeratzen dituzte Europako Parlamentuko kideak hautespen unibertsal zuzenaren bidez (1979. urtea arte herrialde bakoitzeko parlamentuek aukeratzen zituzten). Egun, Europako Parlamentuak 626 parlamentari ditu; elkarte kide berriak Batasunean sartzen diren heinean zenbateko hori aldatu egiten da ordea. Europar Batasuna eratu den heinean areagotu zaizkio Europako Parlamentuari bere eskumenak, parlamentu nazionalekin berdintasunik ezartzerik ez dagoen arren. Erakunde horrek, gaur egun, zeresan handia du Europar Batasunak erabakiak hartzeko duen prozesuan. Hala, Europako Parlamentuak zuzenean parte hartzen du legegintzako prozeduretan, eta arlo askotan erabakiak hartzen ditu Europako Kontseiluarekin batera. Eskumen garrantzitsuak ere baditu Batasunaren aurrekontuari dagokionez. Gisa berean, bere onespena ezinbestekoa da nazioarteko itunak sinatzeko. Eginkizun erabakigarria du, halaber, Europako Batzordea izendatzeko orduan; gainera, parlamentuak Batzordearen lana kontrolatzen du, diputatu europarrek Batzordeari edo Kontseiluari zuzendu ahal dizkieten idatzizko eta ahozko galderen bidez, besteak beste. Arlo askotan, Europako hainbat erakundek, esaterako Europar Batasuneko Kontseiluak, ezin dute erabakirik hartu Parlamentuaren onarpena eduki ezean. Aitzitik, Parlamentuak ez du botererik berezko legegintzako proposamenak egiteko, ekimen eskubidea Batzordeari bakarrik baitagokio. Haatik, etaBatzordeari beharrezkoak iruditzen zaizkion legegintzako proposamenak egiteko ahalmena duen arren, maiz kritikatu izan da Europako Parlamentuaren legegintzarako gabezia.