Europako Kontseilua
Europako herrialdeek 1949. urtean osaturiko erakundea. ■ Europako hamar herrialdek sortu zuten: Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Norvegia eta Suediak. Kideen arteko elkarlana areagotzea zen Europako Kontseiluaren helburua. Egun, 40 herrialdek osatzen dute erakundea, urteetan zehar beste 30 kide berri sartu baitira elkartean: Grezia (1949. urtean sartu zen arren, 1969-1974 urteetan kanporatuta egon zen); Turkia, Alemania eta Islandia (1950); Austria (1956); Txipre (1961); Suitza (1963); Malta (1965); Portugal (1976); Espainia (1977); Liechtenstein (1978); San Marino (1988); Finlandia (1989); Hungaria (1990); Polonia (1991); Bulgaria (1992); Estonia, Lituania, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania (1993); Andorra (1994); Albania, Ukraina, Letonia, Moldavia eta Mazedonia (1995), eta Errusia eta Kroazia (1996). Hauek dira Europako Kontseiluaren organo nagusiak: Ministro Kontseilua (herrialde kideen atzerri ministroez osaturikoa), Biltzar Parlamentarioa (herrialde kideen parlamentuek izendaturiko ordezkariez osaturikoa), Idazkaritza Orokorra eta Europako Giza Eskubideen Epaitegia. Kontseiluaren baitan, Europako arazoak ez ezik, munduko arazo larriak ere aztertzen dira oro har. Kontseiluaren lanak eragina izan du Europako herrialdeen artean giza eskubideen, oinarrizko eskubideen, kultura eta hezkuntzaren alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko. Halaber, Europan barrena lotura ekonomikoak estutzea ere Kontseiluaren helburuetako bat izan da; horregatik, besteak beste, muga zergak eta merkataritza oztopoak murrizteko programak sustatu zituen sortu zen unetik bertatik. Kontseilua lau urtean behin biltzen da Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza nagusian. Kontseiluaren organo osagarriek ordea, behar ahala biltzen dira arazo jakinei irtenbidea aurkitzeko.