euri
iz. Hodeietatik tantaka erortzen den ura. || Euria ari izan. Euria ari zuelako. || Euria egin. Goiz guztian euria egin du. || Euria izan. Euria denean. || Euri(-)jasa. Euri kopuru handia edo euri eraso bortitza. || Euri(-)neurgailu. Euria neurtzeko erabiltzen den tresna.
■ Euri azidoa. Zenbait azidok (azido sulfurikoak edota azido nitrikoak bereziki) kutsatutako edozein prezipitazio azidori (euri, elur, elur busti) ematen zaion izena. Euri azidoak kalteak eragiten ditu mundu osoko ehunka aintzira, ibai eta ur-lasterretan, arrainak eta gainerako izaki biziak hiltzen baititu. Orobat kaltetzen ditu eraikinak, zubiak edota monumentuak. Euri azidoko kontzentrazio handiek basoak eta lurra ere honda dezakete. ■ Aireko ur lurrunak zenbait konposatu kimikorekin erreakzionatzen duenean sortzen da euri azidoa. Konposatu horiek (besteak beste, sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak), ikatza, gasolina edota petrolioa erretzean sortzen dira gehienbat. Automobil, lantegi eta zentral elektrikoek erregai horiek erabiltzen dituzte energia lortzeko. Euri azidoak jota daude Ipar Ameriketako ekialdeko eremu handiak, Eskandinavia eta Europako erdialdea eta Asiako parte batzuk. 1950eko hamarralditik aurrera, arazoa larriagotu egin da landaldeetan; izan ere, tximinia altuagoen erabilera dela-eta, haizeak gai kutsagarriak beren sorburuetatik urrutiago garraiatzen ditu. ■ Zientzialariek eta ingeniariek euriaren azidotasuna gutxiagotzeko bitartekoak prestatu dituzte. Esaterako, badira zenbait tresna erregaien edo industria igorpenen sulfuro edo nitrogeno konposatuak, eguratsera iritsi baino lehen, ezabatzen dituztenak. Aintzira eta ibaiei karea eransten bazaie, eta orobat haiek drainatzen dituzten eremuei, aldi batez neutralizatu egiten da azidotasuna. Neutralizazio horrek, ordea, bestelako ondorio kaltegarriak eragin ditzake. ■ 1990. urtean, Estatu Batuetako legebiltzarrak 1970. urteko Aire Garbiaren Akta zuzendu zuen, Estatu Batuetan eta Kanadan euri azidoa gutxiagotzeko helburuaz. Zuzenketen arabera, igorpenen baldintzak zorroztu ziren, errekuntza garbiagoa duten erregaiak erabiltzen hasi ziren, eta zentral elektrikoei sufre dioxidoko igorpenak murriz zitzaten eskatu zitzaien. v Eguratseko aire masa beroak gorantz igotzen eta hozten direnean, hodeietako lurrun tanta txikiak kondentsatu egiten dira eta ur tanta bilakatzen dira; hala, aireak ur tantak ezin dituenean eraman, horiek handiegiak eta astunegiak egin direlako, lurrera erortzen dira grabitate indarraren eraginez, eta euria sortzen da era horretan. Euri tanten diametroa 0,5 mm-koa edo hortik gorakoa izan ohi da. v Euriaren banaketa oso desberdina da munduan; hala, egiten duen euri kopuruaren arabera sailkatzen dira klimak. Klima lehorretan oso euri gutxi egin ohi du (basamortuetan, esaterako, 250 mm-tik behera urteko), eta klima hezeetan, berriz, euri asko egiten du (tropikoan, adibidez, 2000 mm-tik gora urteko). v Euri dantza. Etnogr. Kultura askotan ezaguna den ohiturazko dantza, euriari dei eginez uzta oparoak biltzeko egiten dena. Egipto zaharretik hasi eta XX. mendeko Balkanetan ere ezaguna da, nekazaritza giroko kulturetan batez ere. Antzinako dantzen esanahiak biltzen dituenez gero —bizitza, osasuna, oparotasuna, indarra—, askotan dantza falikoak edo emankortasunezkoak euri dantzaren bidez adierazten dira. Ezaugarri nagusiak dira biribilean dantzan egitea, landare apaingarriak erabiltzea, ura isurtzea, neska gazteak agertzea, eta haize boladen antzera jirabiraka aritzea. Siux indiarrek adibidez, ur ontzi baten inguruan lau aldiz egiten dute dantza, lurrera botatzen dute beren burua, eta ondoren ontziko ura edaten dute.