Etcheberry, Louis
Nafarroa Behereko idazlea eta euskaltzalea (Donazaharre, 1853 - Donazaharre, 1907). XIX. mendeko Ipar Euskal Herriko euskaltzale handienatakoa izan zen. Parisen egin zituen zuzenbide eta ekonomiako ikasketak. 1887. urtean Eskualduna, euskaraz idatziriko astekaria, sortu zuen; bera izan zen zuzendari 1901 arte. Eskualduna aldizkaria Zaldubi eta Dibarrart poeten agerkaria izan zen, besteak beste, Duvoisin, Hiriart-Urruti eta beste euskaltzale handien topagune izateaz gainera. Eskuineko politikaria zen eta kargu publiko garrantzitsuak bete zituen: diputatua Mauletik (1889), Donazaharreko udal kontseilaria (1893), Donazaharreko alkatea (1900) eta Garaziko sindikoa (1900). Emigrazioa, erlijioa, familia eta politika gaiak landu zituen bere idazkietan.