eszita
iz. eta izond. Eszitiako lurraldekoa; Eszitiako biztanlea. v Etnogr. Iraniar jatorriko herri nomada bateko kideak ziren. K.a. VIII. eta VII. mendeetan Asia erdialdetik mendebalerantz joan ziren Asiaren erdialdeko beste hainbat herrik bidalita. Oxus-en iparraldeko lurrak hartu zituzten eta ondoren zimerioen kontra irabazle irten ziren eta Kaukasoko herrialdea eta Itsaso Beltzaren iparraldeko ordokiak hartu zituzten. Asiriako Sargon II.aren garaian (K.a. 722-tik 705-era) Urminiako aintzira bitarteko lurraldea menderatu zuten, eta gudu batzuen ondoren Armenia eta Asia Txikiko lurralde zati handia bereganatu zuten. Mediarren kontra ere aritu ziren borrokan; tribu eszita batzuk Indian ezarri ziren. Hala ere, eszita talde handiena Errusiaren hegoaldea menderatu zuena izan zen, Hungariaraino eta Prusiaraino iritsi zena. Garapen ekonomiko handia lortu zuten eszitek, K.a 513. mendean Darioren osteen kontra irabazi zuten eta Itsaso Beltzaren ipar-mendebala bereganatu zuten. Esziten Ateas erregea Mazedoniako Filipo II.aren kontrako borrokan hil zen eta haien aginpideak behera egin zuen galera horren ondoren. v Artea. Esziten arteari aurkitu diren zilarrezko lanek eta armek eman diote ospea. Lan horiek agintarien hilobietan edo kurganetan aurkitu dira gehienak. Eszitak bizi izan ziren lurraldeetako animalien irudiak erabiltzen zituzten zilar lanak apaintzeko: zaldiak, Siberiako tigreak, eta batez ere oreina. Irudiak zizelkatu egiten zituzten, eta zenbaitetan harri bitxiak sartzen zizkieten.