Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estrabon

(Gr. Strabôn; Lat. Strabo) Idazle eta geografo greziarra (Amasia, Kapadozia, K.a. 63 - K.o. 24). Tiranion eta Aristodenioren ikasle zen, eta eskola estoikora sartu zen. Ponto Euxino (Itsaso Beltza) eta Etiopia, eta Armenia eta Italia arteko lurraldeak ikusi zituen. K.a. 20an Erroman jarri zen bizitzen eta K.a. 7an bere Geografia eman zuen argitara zazpi liburutan. Garai hartan ezagunak ziren lurralde, leku eta herrialde guztien berri eman zuen lan horretan; baina Homerok, Eratostenek, Polibiok eta beste hainbatek ematen dituzten datuak irizpide zientifiko gehiegirik gabe eskaintzen ditu. Bera izan zen antzinakoen artean Lurra biribila zela uste zuen bakarrenetakoa. Bere garaian ez zuen halako osperik izan eta bere obra ez zen Errenazimentuko urteak arte ezagutzera eman. Beste liburu bat idatzi zuen (Historiako oroitzapenak), baina galdu egin zen. Estrabonek ez zuen Galia ez Hispania ezagutu, baina euskaldunei buruzko argibide guztiz baliotsuak eskaini zituen bere Geografia obran.