Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Errusia

Europako ekialdeko antzinako lurraldea, errusiar eslaviarren sorterri eta nazioa. Errusiar Federakundearen barnean dago gaur egun. Errusiako jatorrizko lurraldeak Volga eta Don ibaiaren arroak eta Finlandiaren eta Itsaso Zuriaren alderako iparraldeko ordoki zabalak hartzen zituen. Bizantzioko edo Kieveko Errusia Ukrainaren jatorrian dago, eta Errusia Zaharra iparraldeko lurraldea da, Moskuko eta Novgorod-eko lurralde zabalak hain zuzen, eta hego-ekialdera zabaltzen da Volga bere ibai nagusiaren ildoan.  v  Lau lurralde nagusi bereizten dira Errusian. Iparraldean lurralde hotzetako tundra eta konifera eta urki oihanak zabaltzen dira. Erdialdean Moskuko lurraldea dago, oihanen eta estepen arteko eremu laua. Hori da Errusiako gune historikoa. Hegoaldean eta hego-ekialdean estepa handiak zabaltzen dira, Asia erdialdeko lurralderantz. Ekialdean Volga ibaiaren aldeko lurraldeak ageri dira, Uraletako mendien mendebalean. Volga ibaiak berebiziko garrantzia izan du Errusiaren historian. Klima kontinentala da, askoz ere hotzagoa iparraldean hegoaldean baino.  v  Errusiar Inperioa. Tsarren inperioa, XVI. eta XX. mende bitartean.  v  Hastapenak. IX. mendean baregoak, Suediatik zetozen normandiarrak, sartu ziren Errusiako zabaldian, eta haien eragina Baltikotik itsaso Beltzeraino hedatu zuten. Finlandiako herriek rus izenez ezagutzen zituzten varegoak. Soldaduak izateaz gainera, merkatariak ere baziren, eta lurralde haietan bizi ziren herri nomada eslaviarren ekonomia aldarazi zuten; haiekin nahastu ziren, eta Baltiko eta itsaso Beltza bitarteko merkataritzaren ardatza ziren ibai bazterretan, merkataritzan jardun ziren herriak sortu zituzten. Hura izan zen Kiev, Smolensk eta Novgorod hirien sorrera. X. mendean baregoak Konstantinoplara iritsi ziren eta harreman estuak ezarri zituzten Bizantzioko inperioarekin. Harreman horien ondorio izan zen lurraldearen kristautzea eta alfabeto zirilikoa hartzea. Garai hartan, Kiev bihurtu zen inguruko eskualderik ahaltsuena. XII. mendean haren aberastasunak gutiziatuz, hungariarrek eta poloniarrek eraso jo zioten Kievi. Orduan eten ziren Bizantziorekiko merkataritza harremanak, eta, eten horren ondorioz, hiriaren beherakada etorri zen. Aginpide batu bat izan ezean, eslaviarrak eskualde txikietan banatu ziren. Eskualde haietan indartsuena Novgorod zen, eta Novgorodek ekialdetik zabaldu zituen mugak Uraletaraino. 1240an Alexander Nevskik, Novgorodko printzeak, hiria mehatxatzen zuten zaldun teutoiei irabazi zien, Peipus aintziraren ondoan. 1240an Errusiako eskualdeak edo printzerriak mongolen mendean geratu ziren. Orduan garai berri bat hasi zen, Europarekin harremanik gabe eta Errusiako ohiturak eta bizimoldeak erabat aldatuta. 1380an Dimitri Donskoi printze errusiarrak mongoliarrak garaitu zituen Kulikovoko guduan.  v  Inperioa. Mongoliarrak garaituta, Moskuko printzerria estatu ahaltsu bihurtu zen. Ivan III.a Handia (1462 - 1505) izan zen tsar izena hartu zuen lehena. Nobleak bere mende hartu zituen eta Sofia Paleologa Bizantzioko printzesarekin ezkondu zen; haren ondorioz, antzinako Bizantzioko inperioaren errituak bereganatu zuen Ivan III.ak, haren jabegai eta ondorengotzat baitzeukan bere burua. Hasieran, Errusiako iparraldea hartu zuen bere mende, eta, gero, hegoaldea, mongoliarren ondorengoek zeuzkaten lurraldeak alegia. Eta azkenik, Lituaniako dukerriaren zati bat ere hartu zuen. Ivan Izugarriak (1547 - 1584) nobleekiko harremana are estuago lotu zuen eta inperioaren mugak zabaldu zituen ekialdera eta hegoaldera. Baltikoan barrena egin zuen hedatze saioak suediarren eta poloniarren lurraldeekin egin zuen topo. Ivan Izugarria hil zenean barne gatazkaz betetako garai bat hasi zen, harik eta 1613an Romanoven dinastiako Migel III.a aginpidera heldu zen arte. Lehen Romanovtarrek erregetzaren indarra finkatu zuten, baina nobleekiko borrokek jarraitu zuten. Petri I.a Handiak, erregetza europearren eredua hartuta, inperioa eraberritu nahi izan zuen. Nobleak hartu zituen mende, merkantilismoa bultzatu zuen eta Baltiko aldera hedatzera saiatu zen, Errusiak itsasora irtenune bat izan zezan. Suediarrak garaitu zituen 1709an eta Baltikoko itsasertzean hiriburua eraiki zuen, San Petersburgo. Petri Handia hil zenean, nobleen azpikeriak eta tsarren ahulezia nagusitu zen, berriz, harik eta Katalina II.a Handia (1762 - 1796) erreginaren garaia arte. Katalinak, atzera, nobleak mendean hartu zituen, gobernua berriro antolatu zuen, eta arteak eta zientziak asko bultzatu zituen; nekazarien mendekotasuna gero eta handiagoa zen, ordea. Itsaso Beltzeraino eraman zituen eskualdeko mugak, eta Poloniaren banaketan parte hartu zuen. Katalinaren seme Paulo I.a matxinada ilun baten ondorioz, hil zuten. Haren seme zen Alexandro I.ak (1801 - 1825), hilketan nahastua bide zegoenak, ordezkatu zuen erregetzan, eta Moskuraino iritsi ziren Napoleonen osteei kontra egin behar izan zien. Vienako biltzarrean (1815), Napoleonek lur jo ondoren, Errusiak bere mugak zabaldu zituen eta gainerako herriek aintzakotzat hartu zuten, indar handiko herrialde gisa. Nikolas I.ak (1825 - 1855) burdinbidea ezarri eta sistema burokratikoa berritu zuen, baina ez zuen, ordea, aldakuntza sozialik onartu eta horren aldeko saio guztien kontra egin zuen. Erregetzaren azken urteetan Ingalaterraren, Frantziaren eta Inperio Otomanoaren kontra borrokatu zen Krimeako gerran (1853 - 1856). XIX. mende erdi aldean inperioak berrogeita hamar milioi biztanle zituen; haietarik erdiak edo nekazariak ziren, batere eskubiderik gabeko jopuak. Hala eta guztiz ere, literaturak, arteak eta zientziak garapen handia izan zuten. Inperioak bere hedadurarik handiena eskuratu zuen, Siberia guztia mendean hartuta, ozeano Bareraino, Alaska barne, 1867an Alaska Estatu Batuei saldu behar izan bazion ere.  v  Azken tsarrak. Alexandro II.ak erreforma politika bati ekin zion: jopuak galarazi zituen, unibertsitateari autonomia eman zion, erreforma judiziala egin zuen, eta, aginpidea deszentralizatzeko asmoz, udal batzarrak sortu zituen. Hala ere, erreforma horiek guztiengatik ez zen gizarteko maila apalenen egoera ekonomikoa hobetu, eta oldar saioak piztu ziren. 1874etik aurrera, tsarrak erreformak bazterrera utzi zituen. 1881ean hil egin zuten. Alexandro III.ak (1881 - 1894) prentsa askatasuna murriztu zuen erabat, liburutegiak hustu zituen, eta autonomia kendu zion unibertsitateari, horrela bukatu nahi baitzuen bide iraultzaileekin. Inperio osoa berdintzen saiatu zen eta errusiera ezarri nahi izan zuen nahitaez errepublika baltikoetan. Juduen kontrako legeak argitaratu zituen, eta, horren ondorioz, askok alde egin behar izan zuten. Transiberianoa eraiki zuten, eta Siberiaren kolonizazioa bultzatu zen. Nikolas II.ak (1894 - 1917) aurrekoaren politikarekin jarraitu zuen, noble atzerakoienen laguntzarekin. Atzerriko inbertsioei esker, Errusia industrializatu egin zen berehala. Industrializatze horren ondorioz, langile klasea sortu zen; Errusiaren hedadura handia kontuan hartuta, langile gutxi hala ere, baina oso bilduak hiri nagusietan. Langileek oso soldata urriak jasotzen zituzten, eta ekonomia arazo larriak. Nekazari gehienak miseriarik gorrienean bizi ziren, zergek estututa. Jauntxoek, gainera, ekoizten zen gehiena esportatu egiten zuten, eta barne hornidura arazoak sortu ziren, salneurriak gora egiten zuten, eta goseteak izan ziren. Hala eta guztiz ere, 1914ean inperioko biztanleria 175 milioiraino igo zen. 1904ean gerra izan zen japoniaren kontra. Protesta ugari izan zen, gerra galdu eta hilen kopuru altua ikusita. Hurrengo urtean, urtarrilaren 22an, protestan zenbiltzan langileen sarraskia izan zen (Igande Gorria), eta tsarraren ospe ona lur joa gelditu zen. Uztailean, Potemkin korazatuaren eskifaia matxinatu egin zen. Tsarrak hondamendia saihesteko Duma edo legebiltzarra antolatu zuen. Hala ere, langileen sobiet iraultzaileak birrinduak izan ziren eta buruzagiak atxilotuak eta deportatuak. Lehen bi dumak, 1906 eta 1907an batere berrikuntzarik egin gabe ezereztatuak izan ziren. Hirugarren dumak 1912. urtera arte iraun zuen, eta gizarteko talde atzerakoienez osatua zegoen. Bien bitartean, gizartearen oldar nahia hazi egin zen. Laugarren duma liberalagoa bazen ere, beranduegi zen erreformarik egiteko sistema autokratiko eta atzeratu hartan, egitura politikoa eta administratiboa ez baitzen batere eraginkorra. Lehen Mundu Gerrako hondamendi militarrarek, eta hark ekarri zuen ekonomia egoera penagarriak erregetzaren amaiera bideratu zuten. 1917an, otsailean, Nikolas II.ak abdikatu egin zuen iraultza burgesaren aurrean. Urte hartan bertan, urrian, iraultza sozialista lehertu zen eta tsarren egitura politikoa erabat irauli zuen. ik. Errusiako iraultza.  v  Artea. Errusiako artea, berez, X. mendean hasi zen Vladimir kristau egin zenetik aurrera. Aurretik buztinezko eta metalezko lanak agertu dira, urrezko eta kobrezkoak, bertako herri nomadenak, eszitenak adibidez. X. mendetik aurrera, Errusiako artea kristautu egin zen eta Bizantzioko eragina jaso zuen. XVIII. mendean, itzulikatze handia gertatu zen Errusian, Europako mendebaleko moldeak onartu ziren eta arte profanoa nagusitu zen erabat, errealismoaren ildotik.  v  Arkitektura. Errusian, arkitekturazko monumenturik zaharrenak Kieven daude, hiri hori baita kristautasunaren habia Errusian. Bizantzioko artearen eragina agertzen dute, kupulen erabileran eta materialen aberastasunean. Garai hartakoa da Santa Sofiako katedrala Kieven bertan (1017-1037). Tartaroen inbasioak arte modu horren bilakaera moztu zuen 1240an, eta Bizantzioko eraginetik askatu zen. Teilatuak piramide eran eraikitzen hasi ziren, zurezko eraikuntzetan bezala, eluraren pisuak honda ez zitzan. Alemaniako arteak ere izan zuen eraginik Errusiako arte berri horretan. Konstantinopla otomanoek hartu zutelarik, Moskuk bildu zuen arkitekturaren lehentasun guztia. Berriz ere, Bizantzioko tradizioari helduz, Ivan III.a tsarrak Italiatik arkitektoak ekarrarazi zituen 1475ean, haien artean Fioraventini, eta Kremlina eraiki zuten. Hiru katedral eta Ivan Handiaren kanpandorreaz gainera, jauregi dotore multzo bat eraiki zen, eta batez ere lan nagusia, Basilio santuaren eliza, Plaza Gorrian. XVIII. mendean Petri Handiak hiriburu berri bat eraikitzea erabaki zuen Amsterdam eredu hartuta. A. Leblond arkitekto frantsesari eman zion enkargua San Petersburgoko plano orokorra marraz zezan, Petergof jauregia eta Nevski Perspektiba delakoarekin. Katalina II.ak Vallin de la Mothe arkitekto frantsesari enkargatu zion Arte Ederretako Akademiaren Jauregiaren eraikuntza (gero Ermitage Txikia), bere arte bildumak gordetzeko. Beste arkitekto italiarrekin batera (Rinaldi, Quarenghi) bi errusiar aipa daitezke: Starov eta Bazhenov. Eraikuntza horiek guztiak barrokoak dira eta Mendebaleko ereduari jarraitu zioten. Neoklasizismoari dagokionez, Kazango Andre Mariaren katedrala da nagusia (Voronijin) eta Almirantazgoaren Jauregia (Zajarov). Arkitekto italiarrek eta frantsesek jarraitu zuten San Petersburgoko eraikuntza nagusiak egiten: Tomas de Thomon, R. de Montferrand eta Rossi. Ondoren Inperio estiloa nagusitu zen Errusia osoan, eta XIX. mendean zehar hedatu zen.  v  Pintura. XVII. mendera arte Errusiako pintura osoa erlijiosoa izan zen, eta langintza nagusia ikono egitea izan zen. Lehen margolaritza lanak mosaikoak ziren, XII. mendekoak. Gero lehen hormairudiak agertu ziren Kieven eta Vladimirren, baina unerik garaiena XIV. mendean izan zen Moskun eta Novgoroven. Andrei Rubliov (1360-1430), Azken Epaiaren hormairudia margotu zuen Vladimirko Amabirjina Lokartuaren elizan. Berak eman zion ikonoari indar berria, eta bere Hirutasun Santuaren ikonoa margolan nagusitzat hartua izan da. XVI. mendean Stroganoven eskolak jarraitu zuen lan horrekin eta arte aristokratikoago bat lortu zuen, finagoa. Joera horri, 1551n, beste bat kontrajarri zitzaion, tradizionalagoa, Ehun Kapituluren Kontzilioak eraginda. Haien arabera, antzinako irudiak zehazki jaso behar ziren, eta gai berriak sortu ziren (Apokalipsia, Amabirjinaren koroatzea). XVII. mendeko eklektizismoak behera beharra iragarri zuen. Hala ere, margolari garrantzitsu batzuk izan ziren, Semion Ushakov esaterako. XVIII. mendean tradizioarekiko etena izan zen, eta arteak mendebaleko estilora jo zuen, Arte Ederretako Akademia sortu zenean. Irakasle frantsesak jarri ziren irakasle. Erretratua izan zen haien lanik gailenena (Levitski, Borovikovski eta Alexeiev). XIX. mendean errealismo aldera jo zen, eta pintura sozialaren lehen markak ikusten hasi ziren. Ideia horri, ordea, arte hutsezko mugimendu bat kontrajarri zitzaion, Mir Iskusstva (1899, Artearen mundua) aldizkariaren eskutik. Aldizkari horretan aritu ziren Alexandr Benois eta Serge Diaguilev. Eslaviar zaletasunaren lekuan ideal kosmopolita bat jarri zuten. Beste margolari batzuk izan ziren: Vrubel, Serov, Levitane. XX. mendearen hasieran Errusiako pintura abanguardiako margolariz betea agertzen da. Hor zeuden: Malievitx, Larionov, eta Gontxarova.  v  Eskultura. Eliza ortodoxoak debekatu egin zuen giza irudia zizelkatzea, idolatriatzat hartzen zelako. Horregatik, Petri I.aren garaira arte ez zen eskulturarik izan Errusian. Harrezkero, berehala sortu ziren, ordea, eskultura egile handiak: Prokofiev, Shubin, Kozlovski, Martos XVIII. mendean eta XIX.enean: Klodt, Mikeshin, Antokolski eta Trubetskoi printzea.  v  Musika. Errusiar musikak herri tradizioan izan ditu beti sustraiak, Mijail Glinkak (1803-1857) errusiar kanta herrikoien eta sartaldeko musika idazkera prozeduren sintesia egin zuen arte. Bosten Taldea delakoa etorri zen haren ondoren: Balakirev (1837-1910), Cui (1835-1918), Mussorgski (1839-1881), Rimski-Korsakov (1844-1908) eta Borodin (1833-1887); denen artean oinarri nazionala zuen errusiar musika eskola bat sortu zuten. Eskolan horren aurrez aurre, 1862an San Petesburgoko kontserbatorioa sortu zen, eta handik eskola akademikoa; Piotr Chaikovski (1840-1893) izan zen eskola hartako musikari garrantzitsuena. 1871. urtetik aurrera bi joerek bat egin zuten, eta Sergei Rachmaninov (1873-1943) izan zen batasun horretan musikari esanahigarriena. Alexander Skriabin (1872-1915), izan zen harmonia tonala baztertu zuen lehen musikagilea. Haren ikerketek eskola modernoari zabaldu zioten bidea; eskola horretan Igor Stravinski (1882-1971) eta Sergei Prokofiev (1891-1953) nabarmentzen dira.  v  Literatura. Antzinako garaian, mendebaleko tradiziotik urruti ibili zen Errusiako literatura. Lehenagotik ahozko tradizio handia bazegoen ere, literatura idatzia XI. mendean hasi zela esan daiteke, Bizantziok herri eslaviarrak kristautasunera bildu zituelarik. Literatura erlijiozkoa eta historikoa egin zen garai hartan. XVIII. mendean hasi zen garai modernoa, Petri Handiak Errusia mendebalera begira jarri zuenean. Frantziako eragina sumatzen da idatzietan, eta antzerkiaren sorrera garai hartakoa da. XIX. mendea da urrezko aroa Errusian. Literatura modernoaren sortzailea A. Pushkin (1799-1837) izan zen. Erromantizismoak eraginda eta poesia idatziz hasi bazen ere, berehala pasa zen hitz lauzko jardunera, eta mendean zehar nagusi izango zen errealismora. XIX. mendean mugimendurik garrantzitsuena eleberrigileena izan zen, bai Errusian bertan, bai kanpoan izan zuen eraginarengatik. Eleberrigile nagusiak N. Gogol, F. Dostoievski, Turgenev eta Tolstoi izan ziren. Pertsonaien ikerketa psikologiko sakona, kezka etikoak eta gizartearen azterketa, batez ere herri xehearena, erabiltzen dituzte beren lanetan. Idazle gehienek idatzi zituzten kontakizun laburrak, baina lan horretan goren maila A. Txekhov-ek (1860-1904) lortu zuen, eta antzerkigintzan ere bera nagusitu zen. XX. mendearen hasieran, 1917ko iraultzaren iragarpenak ikusten dira zenbait eleberrigilerengan, hala nola M. Gorkirengan (1868-1936), eta poesian, banguardiekin oso lotuta, futuristak izan ziren nagusi, eta haien artean V. Maiakovski (1883-1930).