Errusiako Iraultza
Errusian tsarraren autokrazia aginpidetik kendu eta erregimen komunista ezarri zuten mugimendu iraultzaileen multzoa (1917ko otsaila-urria). v Zergatiak. XIX. mendearen bukaera aldean nekazaritzatik bizi zen Errusiako % 80 baino gehiago, baina goi-burgesiaren eskuetan zegoen lurraren zatirik handiena. Egoera horren ondorioa, nekazari gehienen miseriazko bizimodua zen. Errusian izan zen industrializazio moduak burgesiaren ahultzea eragin zuen: industrializazioa berandu izan zen, atzerriko kapitalisten diruarekin. XIX. mendearen azken hamarkadan osatu ziren lantegi-multzo handiak, oraindik ere erabat nekazaria zen Errusiako erdian uharteak balira bezala. Europako gainerako herrialdeetan bezala, industrializazioaren hasieran Errusiako proletargoak oso egoera larria pairatu zuen: oso soldata txikiak, 14, 15 edo 18 ordutarainoko lan egunak, bizitzeko penagarri ziren lekuetan bizi beharra, lantegian bertan batzuetan. Erakunde sindikalak legez onartu gabe zeuden arren langileak euren taldeak osatzen hasi ziren. Europako estatuetan pausoz pauso onartuz joan ziren demokraziaren oinarriek ez zuten inolako onarpenik izan Errusian. Erabateko aginpidea zuen tsarrak, jainkoaren laguntza zuela uste baitzuen. Burokraziak eta polizia indartsuak betearazten zuten tsarrak agindutakoa. Noble kontserbatzaileena zen politika munduan aldakuntzarik eskatzen ez zuen klase bakarra. Aldi berean, atzerriko estatuek liberalen eskaerak bultzatu zituzten, kapital asko baitzegoen Errusiako industrian ezarrita. Galarazitako ahalegin batzuen ondoren, 1898an alderdi sozialdemokrata bat sortu zen. 1903an, alderdi sozialdemokrataren kongresuan, boltxebikeen eta mentxebikeen arteko bereizketa hasi zen. Lenin zen boltxebikeen buru. 1905eko iraultzaren ondoren bakarrik lortu zuen burgesiak alderdi liberal bat sortzea. 1905eko iraultza berez sortu zen, antolamendurik gabe, Errusiako gizarteak pairatzen zuen estuasun egoeraren adierazgarri. Tsarismoak gero eta irudi okerragoa ematen zuen herriaren artean, tsarraren emazteak eta Rasputin eta antzekoek baitzuten indarra. Errusiak Lehen Mundu Gerran parte hartzeak arazo horiek guztiak sakondu baino ez zituen egin. Nikolas II.a tsarra ez zela mugitzen ikusirik iraultza goitik egiten ahalegindu ziren: Rasputin hil zuten 1916. urtearen bukaera aldean eta beste gobernu bat ezartzeko eskaera egin zen; azkenean tsarrak bere kargua utz zezan saiatu ziren, baina hark ez zuen jaramonik egin. Ordutik aurrera alderdi erradikalagoek hartu zuten indarra tsarraren kontrako borrokan. Grebak eta manifestazioak ugaldu ziren. Horrez gainera, 1916tik aurrera langileen eta soldaduen arteko lehen harremanak hasi ziren. Boltxebikeek euren alderdia berriro antolatzea lortu zuten. 23.000 kidetik gora ziren alderdi horretan. Mentxebikeak, gehiago izan arren, ez zeuden hain baturik, eta ez zekiten horren garbi zein bideri jarraitu politikan. v Otsaileko iraultza. (Ondoren aipatuko diren datak egutegi Julianoaren araberakoak dira. Egutegi hori 1918ko otsailaren 1a arte indarrean egon zen Errusian, eta 13 eguneko atzerapena du sartaldeko egutegiarekiko). Otsailaren 22an, San Petersburgon, manifestazio eta istilu ugari izan zen, lantegietatik langile asko kanpora bota ondoren. 24ean greba orokorra antolatu zen hirian, eta manifestariak jende aberatsa bizi zen auzoetara joan ziren, tsarrak agintea utz zezan eskatuz. 26an tsarrak indarrik gabe utzi zuen Duma edo parlamentua, eta hurrengo egunean, armadaren zatirik handiena tsarraren ordenak baztertu eta matxinatuekin elkartu zen; gobernuaren alde zeuden soldaduek amore eman zuten. Moskun, proletargoa Kremlinaz jabetu zen. Hiriburuan eta Moskun gertaturikoari jarraituz, hiri gehienetan ere iraultza hasi zen. 27an, San Petersburgon bertan, langileek eta soldaduek osaturiko sobiet batek hartu zuen aginpidea. Handik denbora lanburrera, Dumak Behin Behineko Batzordea izendatu zuen, baina batzorde horrek izandako jarreraren ondorioz, galdu egin zuen herriaren laguntza. Une horretatik aurrera, urriko iraultza bitartera luzatu ziren bi aginpideen arteko gorabeherak izan ziren. Martxoaren 2an eman zuen amore Nikolas II.ak; hurrengo egunean Dumaren Behin Behineko Batzordeak eta San Petersburgoko sobietak akordio bat lortu zuten behin behineko gobernua osatzeko. Lvov printzea izan zen gobernu horretako lehendakaria, baina aginpidea sobieten eskuetan zegoen, egon. v Bitarteko epea. Bi agintarien arteko gorabeherek laster hartu zuten burgesiaren eta nobleen, alde batetik, eta langileen, bestetik, arteko klase borrokaren izaera. Leninek borrokaren helburua iraultza sozialista zela adierazi zuen Errusiara heltzean. Alderdi sozialista gehienak ez zetozen bat iritzi horrekin, baina, azkenean, alderdi boltxebikeak bere tesiak onar zezan lortu zuen. Puntu hauetan oinarritzen zen Leninen tesia: bakearen aldeko borroka baketsua; lurrak nekazarien artean banatzea; langileek izan zezatela lantegien kontrola; aginpidea sobieten eskuetan uztea eta klase errepublika sortzea. Udaberrian ekonomiaren eta gizartearen egoera areago hondatu zen. Behin behineko gobernuak ez zuen egoera horri aurre egiteko ahalmenik. Mentxebikeak eta sozial-iraultzaileak sartu ziren gobernuan, baina gobernu berri hark erakutsi zuen ezintasunak boltxebikeen indarra gehitu baino ez zuen egin. Boltxebikeen alderdia langileen eta nekazarien interesen alde egiten zuen alderdi gisa aurkeztu zen. Boltxebikeen alderdiak aurreramendu handia egin zuen hiriburuan, industria inguruetan eta Itsaso Baltikoan zegoen armadan. Ekainaren azken hamabostaldian areagotu egin ziren herritarren eta behin behineko gobernuaren arteko iskanbilak, Lehen Mundu Gerran jarraitzeko hartu behar ziren neurriak zirela eta. Alemaniaren kontra izandako porrotak langileriaren manifestazioak eragin zituen. Bitartean boltxebikeen alderdia gerraren kontra eta bakearen alde zegoen. Herritarrak hiriburuaz jabetu ziren, eta gobernuaren dimisioa eskatu zuten. Gobernuak, armadaren zati baten laguntzarekin, eta Leninek Alemanen alde ziharduela salatuz, boltxebikeen kontrako zapalkuntzari ekin zion. Abuztuaren 27an Kornilov jeneralak estatu kolpea eman zuen, iraultza amaitzeko, baina matxinadak ez zuen helburua lortu, boltxebikeek hiriburua matxinada horren kontra defendatu baitzuten (abuztuaren 30a). v Urriko iraultza. Abuztuaren erdialdetik aurrera alderdi boltxebikeak gorakada bizkorra ezagutu zuen, Leninek aldarrikaturiko matxinada armatua aurrera eramateko helburuarekin, eta horrela, irailaren 9an gehiengoa lortu zuen San Petersburgoko sobietaren batzorde eragilean. Alderdi boltxebikea indartu ahala ahultzen ari ziren sozialista moderatuen eta burgesiaren indarrak. Boltxebikeek, matxinada armatua noiz egin aukeratu eta hori prestatzeari ekin zioten. Behin behineko gobernuak, herritarren eta armadaren laguntzarik gabe, ezin zuen ezer egin boltxebikeen kontra. Urriko 24aren eta 25aren arteko gaua aukeratu zen matxinada armatua egiteko, eta boltxebikeak, 10.000 inguru, berebiziko zailtasunik gabe jabetu ziren hiriburuaz. Sobieten bigarren kongresuak hartu zuen aginpidea, eta horrek Presidium bat aukeratu zuen. Sobietek zuten gehiengoa Presidium horretan. Egun berean bozkatu ziren bakeari eta lurrari buruzko dekretuak. Iraultzaileek ez zuten neke handirik izan erregimen berriaren kontra antolaturiko matxinadak ixiltzeko. Horrela finkaturik geratu zen boltxebikeen aginpidea, eta, mundu osoan lehen aldiz, marxismoan oinarrituriko aginpidea izango zuen estatu bat osatu zen.
http://www.kremlin.ru
- errun, erruten
- errunaldi
- Errusia Zuria
- Errusia
- Errusia
- Errusiako Iraultza
- errusiar
- errusiera
- errutazeo
- errute
- errutenio