errumaniera
iz. Errumaniako hizkuntza. v Hizkl. Hizkuntza erromanikoa da (20 milioik hitz egiten dute). Errumaniera I.go mendetik aurrera Dazian hitz egin zen latinetik sortutako hizkuntza da (Poza lizentziatua izan zen errumaniera latinetiko hizkuntza zela ohartu zen lehena, XVI. mendean). Hiru dialekto nagusi ditu (mazedo-errumaniera, megleno-errumaniera eta istrio-errumaniera), dazio-errumaniera edo errumaniera nagusiaz gainera. Dialektoen arteko elkar ulertzea zaila da, eta dialekto nagusiaren barruan ere zenbait mota bereizten dira. Moldaviera Sobiet Batasuna izandakoan hitz egiten den dazio-errumaniera mota bat da eta alfabeto zirilikoan idatzi da oraintsu arte, Sobiet Batasunak beretu zuenez gero. Errumaniera III. mendearen bukaeran, godoen, hunoen eta eslaviarren erasoetatik ihesi, Karpatoetako mendietan babestu ziren daziarrek garaturiko hizkuntza da. Errumanieraren fonologia eta gramatika ez dira beste hizkuntza erromanikoen antzekoak, elkarren arteko harremanik ia ez baitute izan eta hizkuntza eslaviarrak eta hungariera izan baititu alboan. Errumanieraren hiztegia latinean oinarritzen bada ere, bere kokaguneagatik inguruko hizkuntzetatik (hizkuntza eslaviarrak, turkiera, hungariera eta albaniera) hitz ugari hartu ditu. v Errumanierazko literatura. Errumanieraz eta latin idazkera erabiliz idatzitako lehen testua 1508. urtean argitaratu zen (Eslaviar elizako liburuak), eta bi mendetan erlijio testuak baizik ez ziren idatzi errumanieraz (Bibliaren itzulpena, 1688). Errumaniako literatura modernoa XIX. mendearen erdialdean jaio zen, independentziarekin batera. Mihail Eminescu olerkaria, Ion Creanga eleberria eta ipuin idazlea eta Ion Luca Caragiale antzerkigilea izan ziren pizkunde garaiko idazle nagusiak.