Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arabako Errioxa

Araba osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Mañueta (Baños de Ebro-Mañueta du izen ofiziala), Eltziego, Bilar (Elvillar-Bilar), Kripan, Bastida (Labastida), Guardia (Laguardia), Lantziego, La Puebla de Labarca, Moreda (Moreda de Alava), Navaridas, Oion, Samaniego, Villanueva (Villanueva de Alava-Eskuernaga) eta Ekora (Yécora). Eskualde horrek 315 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Arabaren % 10,37), eta 9.775 biztanle zituen guztira 1997an (Arabaren % 3,43). Guardia hartzen bada ere eskualdeko herriburutzat, Oion da udalerririk jendetsuena (2.193 biztanle 1996an), eta Guardia bera eta Bastida dira 1.000 biztanletik gorako beste herri bakarrak, nahiz eta Eltziego ere kopuru horretatik hurbil egon. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nabarmen nagusi Errioxa Arabarrean. 1996an, 978 euskaldun, 831 ia-euskaldun eta 7.673 erdaldun bizi ziren bertan. Nolanahi ere, ia-euskaldunen kopuruari erreparatuta ikus daitezkeenez, indar aipagarria hartu du euskalduntzeak azken urteotan.  v  Orografia. Arabako Errioxa Ebroko Sakonunearen barnean dago, Toloñoko mendizerrak iparraldean eta Ebro ibaiak, hegoaldean, mugatuta. Kantauriko itsasotik gertu dagoen arren kontinente aldeko klima leuna du Arabako Errioxak (urtean 16,7 gradu batez beste eta 430 mm ur). Landaretzari dagokionez Mediterraneo aldeko landareak dira nagusi, ezpela, artea, pinua eta makala ibaien inguruan. Ebro ibaia da Arabako Errioxako ibai nagusia, eta bertan isurtzen dute ura Kantauriko mendilerrotik jaisten diren errekek (Herrera, Mayor, Pisarnoso, Acequia, Gines, Uneba, Galijo, Viñaspre, Valvarriñaga, Conchaval, Buenpajera eta Valdevaron). ■ Ekonomia. Alor ekonomikoan, eskualde aberatsa da Errioxa Arabarra. 1996an 4.121.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Arabakoa 122 izanik, 180an zegoen Errioxa Arabarra, nahiz eta alde nabarmenak izan udalerri batetik bestera; horien guztien buruan jarduera ekonomiko nagusiak hartzen dituzten Oion eta Guardia zeuden (240 eta 226). Industriak osatzen zuen eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 46, 4 puntutan Arabako batez bestekotik gora. Nolanahi ere, datu hori zehaztu beharrekoa da, batez besteko horretan aparteko eragina baitu Oion udalerri jendetsu eta industrialak. Beste salbuespenen bat ere bada, baina oro har ardogintzari lotutako lehen sektoreko jarduerek aparteko garrantzia dute eskualde horretan. Izan ere, azken urteotan aurreko urteetako markak txiki utzi dituzten uztak lortu dituzte Errioxa Arabarrean eta ardo ekoizpenak ere gora egin du –273 milioi litro 1998an–, nahiz eta 1999an produkzioak zein salmentak behera egin uzta txikiagoaren eta prezioen igoera handiaren eraginez. Ardogintzaren inguruan, bestalde, zerbitzuak eta turismoari zuzendutako jarduerak ere eraberritzen ari dira Errioxa Arabarrean azken urteotan.  v  Historia. K.a. 5000. urtetik, Mesolito Arotik, zibilizazio desberdineko herriak finkatu edota igaro ziren Arabako Errioxatik. Atlantiko eta Mediterraneo aldeetako kulturen arteko bilgunetzat hartu izan da Arabako eskualde hori (kultura zelta, zeltiberikoa eta euskalduna). Erromatarrak Ebroko goi arroan egokitu zirenean, herri euskaldunak (autrigoiarrak, barduliarrak edo baskoiak) bizi ziren Arabako Errioxan, Ebro ibaiaz hegoaldera zeudenen ondoan. V. mendetik aurrera, Erromako inperioa deuseztatu ondoren, bisigodoen begirapean geratu zen Arabako Errioxa euskalduna. VIII. mendean, Errioxako lurrez jabetu ziren arabiarrak. X-XI. mendeetan, Nafarroako eta Gaztelako koroek gutiziaturiko eremu bihurtu zen Araba guztia. Arabako Errioxa Nafarroako lurra zen, Lizarraldeari zegokiona eta hala iraun zuen XVI. mende hasiera arte. Era berean, X. mendean hasi ziren euskaldunak arabiarrek utzitako Errioxako eta Burgosko iparraldeko lurraldeetara joaten, eta euskal lurraldeez inguraturiko eremu bihurtu zen Arabako Errioxa berriz ere. XV. mendean hasi zen, gaztelerak bultzatuta, euskararen gainbehera Errioxan.  v  Errioxako ardoa. Errioxa mahats lurralde oparoa izan da historian zehar, eta, Nafarroarekin batera, ardoz hornitu ditu luzaroan iparraldeko euskal lurraldeak. Mundu osoan ospetsu bihurtu da gaur egun Errioxako ardoa. Mediterraneo aldeko erromatarrek irakatsi bide zizkieten errioxatarrei mahatsa lantzeko eta ardoa egiteko teknikak. Erdi Aroan bere horretan iraun zuten teknika horiek. XIX. mendearen bukaeran, teknika berriak abiarazi zituzten Errioxako ardogintzan Bordele aldeko ardogile frantsesek eta gaurko egunean ardo industria modernoa dago Errioxan.