Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Errioxa

(Esp. La Rioja) Izen bereko probintziak osatzen duen Espainiako Autonomia Erkidegoa, Ebro ibaiaren eskuinaldean; Logroñoko probintzia zena da. Araba, Nafarroa, Burgos, Soria eta Zaragozak mugatzen dute. Hiriburua, Logroño. 253.295 biztanle. Azalera, 5.034 km2. Dentsitatea, 50 biztanle km2-ko. Klima kontinentekoa da, baina zertxobait leundua, inguruko klima ozeanikoaren eraginez. Ebro ibaia eta horren adarrak igarotzen dira Errioxatik: Najerilla, Iregua, Leza, Cidacos, Alhama. Errioxan ia jende kopuru bera bizi da 1950. urteaz geroztik.  v  Ekonomia. Ekonomiari dagokionez, nekazaritzarekin loturik dauden jarduerak dira nagusi Errioxan. Nekazaritzan lanean ari den jende kopuruak behera egin badu ere, ekoizpena igo egin da, teknikan izandako hobekuntzei esker. Ardoa da Errioxak ematen duen produkturik aipagarriena, eta kontuan hartzekoa da, baita ere, fruituen eta laboreen ekoizpena. Abere zaintzan behia eta ardia dira nagusi. Industriari dagokionez, berriz, nekazaritzarekin zerikusia duena (ardoak, kontserbak…), larruak, metalurgia eta eraikuntza dira azpimarra daitezkeen alorrak. Turismoari dagokionez, Euskal Herriko jende askok aukeratzen du Errioxa bere oporrak igarotzeko. Aipagarriak dira, baita ere, Euskal Herriarekin dituen merkataritza harremanak.  v  Historia. Franco hil ondoren askatasun demokratikoak berreskuratu zirenean, Logroñoko probintzian nolabaiteko joera autonomista sortu zen. Askok, Bigarren Errepublikako garaian bezala, Euskal Herriarekiko lotura politikoak ezarri nahi izan zituzten, Franco hil ondorengo urteetan. 1980an izena aldatu eta egun duen Errioxa izena hartu zuen probintziak. 1978an aurreautonomia lortu zuen, eta 1982ko uztailaren 2an jarri zen indarrean Errioxako Autonomia Estatutua.