Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

errinozero

iz. Ugaztun apodun handia, belarjalea, sudur gainean adar bat edo bi dituena (Rhinoceros). Gaur egun Asiako hegoaldean eta Afrikan bizi da, baina askoz ere zabalduagoa zegoen antzina; Europan bertan ere bizi zen errinozero mota bat historiaurrean, Tichornhius izenekoa. Errinozero ileduna ere deitu izan zaio horri, leize zuloetako marrazkietan ageri denez zurdetsua izan bide zelako. Bizirik iraun dutenak leku zingiratsuetan edo ur asko den lekuetan ibiltzen dira, batez ere. Egunean behin joaten dira beren lohi bainua hartzera, ilunabarrean. Gaueko animalia da; oso entzumen fina du, baina ikusmen txarra. Emea arreske dagoenean borroka gogorrak izaten dituzte arren artean. Ernaldiak 17-18 hilabete irauten du, eta aldiko kume bat jaiotzen da. Adarretan ahalmen afrodisiako handiak dituztelako ustetan, errinozero asko hil izan da gero adarrak saltzeko. Gaur egun debekatua dago errinozeroak hiltzea, desagertzeko arriskuan zegoelako. Lau generotan, Diceros, Ceratotherium, Dicerirhinus eta Rhinoceros, eta bost motatan banatzen dira.  v  Indiako errinozeroa edo adar-bakarra (Rhinoceros unicornis). 1,70 m garai eta 3,75 m luze izaten da, eta 2.000 kg inguruko pisua har dezake. Adar bakarra du, oinean oso lodia, 55 cm luzekoa. Buru motz samarra, zabala eta lodia izaten du, eta ilerik gabeko azal lodi gogorra, garitxaren antzeko konkorrez betea. Gaur egun Indiako Val Rapti eskualdeko eta Nepalgo Terai eskualdeko 8 erreserbatan bizi da. 1961ean 600 inguru ziren, 440 Indian eta 160 Nepalen. Ugaritzen ari dira.  v  Errinozero beltza (Diceros bicornis). Indiakoa baino txikiagoa da, 1,50 m garai. 3,75 m izaten da luze eta 2.300 kg inguru pisatzen du. Goiko ezpainean behatz antzeko luzakin oratzaile bat dauka. Bi adar ditu muturraren gainean, 80 cm ingurukoa bata, eta 50 cm-koa bestea. Aho txikia du, eta azalean zimur gutxiago Indiakoak baino. Afrikako leku askotara dago hedatua: ekialdetik Txad eta Nigeriaraino, eta Saharatik Afrika hegoalderaino.  v  Errinozero zuria (Ceratotherium simum). Elefantea kenduta, hori da lehorreko ugaztunik handiena: 2 m inguru izaten da garai, eta isats eta guzti 5 m luze izatera irits daiteke. 3.500 kg inguru pisatu ohi du. Bi adar izaten ditu, bata, aurrekoa, 90 cm luzekoa gaur harrapatzen direnetan, baina 137 cm luzekoak ere aurkitu izan dira; eta bestea, 60 cm-koa. Oso buru luzea du, ahoa zabala, eta goiko ezpainean behatz egiturako luzakin bat du. Belarjalea da, eta gogokoago ditu belardiak basoak baino. Desagertzear zegoen eta babesteko neurriak hartu zirelako ugaritzen ari da berriz pixkanaka. Sudanen, Afrika Erdialdeko Errepublikan, Zairen, eta Zanbeze eta Orange ibaien artean bizi da.  v  Sumatrako errinozeroa (Didermocerus lasiotis). Hori da tamainaz txikiena. Hanka-luzea da, eta gaztaina koloreko larrua du, zurdez estalia. Desagertzeko arriskuan dago.