Henrike
Lehoia. Saxonia eta Bavariako dukea, 1139-1180 eta 1156-1180 bitarteko urteetan (Ravensburg, 1129 - Brunswick, 1195). Welf edo Guelfoen familiakoa zen, Henrike Harroaren semea. Frederiko I.a Bizar-Gorria Germaniako enperadoreak Bavariako dukerria aitortu zion. Municheko hiria sortu zuen 1158an eta eslaviarren aurka borrokatu zen. Frederiko Bizar-Gorriarekin Italiako gerrara joan nahi izan ez zuela eta (1176), Germaniako enperadoreak dukerriak kendu eta Brunswick eta Luneburgoko hiriak besterik ez zizkion utzi (1181). Alferrik saiatu zen dukerri haiek berreskuratzen. Oton IV.a Brunswickekoaren aita izan zen.