Henrike IVa Antzua
Gaztelako erregea eta Bizkaiko jauna 1454-1474 bitarteko urteetan (Valladolid, 1425 - Madril, 1474). Joan II.a Gaztelakoaren eta Maria Aragoikoaren semea zen. Zuria Nafarroakoarekin ezkonduta egon ondoren, uko egin zion, eta Joana Portugalgoarekin ezkondu zen (alaba bat izan zuen, Joana, La Beltraneja deitua). Juan Pacheco izeneko aholkulariaren mendean betiere, aitaren eta Alvaro de Lunaren aurka jardun zuen hasieran eta Joan II.a Nafarroa eta Aragoiko erregeak etsai izan zituen ondoren. Hala, Karlos Vianako printzeari eman zion laguntza eta 1461. urtean sartu zen Nafarroan, beamontarrei laguntzeko asmoz. Luis XI.a Frantziako erregeak Joan II.a eta Henrike IV.a erregeen arteko konponbidea ekarri zuen, baina hurrengo urtean kataluniarrek erregetzat hartu eta berriro ere hoztu ziren Aragoiko eta Gaztelako erregeen arteko harremanak. Negoziazioan Kataluniako erregetza Joan II.aren esku utzi zuela eta, Henrike IV.ak Pacheco kendu eta Beltrán de la Cueva ezarri zuen kontseilari nagusi (La Beltraneja printzesaren aita, askoren arabera). Aitonen semeek Alfontso Henrike IV.aren anaiaizuna aukeratu zuten errege (1465), baina 1468an Alfontso hil eta Elisabet haren arreba erreginatzat hartu zutenean, honek nahiago izan zuen Henrike IV.arekin negoziatu, eta oinordekotza beretzat lortu zuen. 1469. urtean Elisabet Gaztelakoa eta Fernando Aragoiko erregegaia ezkondu ziren. Gaztelako handikiak bitan banatu ziren, Beltranejaren alde batzuk eta Elisabeten alde besteak, eta gerra zibila hasi zen. Garai haietan Henrike IV.ak ez zuen batere ahalmenik eta 1474. urtean hil zen Madrilen.