enpresari
iz. Enpresako zuzendaria, bere ardurapean ekoizpen faktoreak bildu eta antolatzen dituena etekin hoberenak ateratzeko. Horretarako beste pertsona batzuk kontratatzen ditu diru sari baten truke. Enpresariaren papera era askotara ikusi izan da historian zehar. Industria ekonomiaren hasieran, enpresaria zen kapitalaren jabea eta kapital hori arriskuan jartzen zuena. Arriskuaren kontzeptu klasikoaren parean, enpresaria antolatzaile gisa ikusten zuen kontzeptua nagusitu zen gerora. Kontzeptu horren aldekoen ustez, enpresariaren gain dago ekoizpenaren kudeatze lana. Eta lan horretan egindako errakuntzen ondorioak ez ditu, berez, enpresariak berak nozitzen, kapitalistak baizik, enpresariak ez duelako zertan ondarearen jabea izan behar. Enpresariak, beraz, ekonomiazko errealitatea aztertu eta interpretatu egiten du, etorkizuna iragarri eta ekoizpen prozesua antolatu eta zuzendu.